DIPCren proiektu batek Europako laguntza bat lortu du hidrogenoa modu jasangarrian ekoizteko beste bide bat aztertzeko

2026 Uzt 9

Juan Manuel García-Ruiz Ikerbasque irakaslea izango da ekimenaren buru. ERC Synergy PROTOS proiektuaren ikertzaile nagusia da García-Ruiz, bai eta DIPCko Autoantolaketa Minerala eta Biziaren Jatorria laborategiko burua ere.

DIPCren proiektu batek Europako laguntza bat lortu du hidrogenoa modu jasangarrian ekoizteko beste bide bat aztertzeko
Juan Manuel García-Ruiz

Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Ikerbasque irakasle Juan Manuel García-Ruizek Europar Batasunaren babesa jaso du ERC Synergy PROTOS proiektuari lotutako ikerketa esperimentalaren esparruan egin den aurkikuntza baten ahalmen teknologikoa garatzeko eta ebaluatzeko. Proiektu horren helburua da aztertzea zer rol duen silizeak Lur primitiboan eta biziaren jatorrian. Babes horren erakusgarri ERC Proof of Concept (PoC) laguntza eman zaio MIN-H2 (A Mineral Pathway for Sustainable Hydrogen Production) proiektuari, zeinaren bitartez indartu egingo baita hidrogenoa modu jasangarrian ekoitzeko bide berri baten oinarriak ezar ote ditzakeen zehaztera bideratutako ikerketa.

MIN-H2 proiektuaren jatorria zehazteko, PROTOS proiektuaren lehenengo emaitza esperimentaletara jo behar da. Haietan ikusi zen burbuila txikiak sortzen zirela burdinaz eta silizez osatutako egitura mineral autoantolatu jakinak eratzeko orduan. Burbuila haiek zerk sortzen zituen jakin nahian, ikertzaileek aztertu egin zituzten, eta ikusi zuten hidrogeno molekularraren ondorio zirela. Emaitza hori garrantzitsua izan daiteke Lur primitiboko atmosfera ulertzeko, baina ustekabeko ahalmen teknologikoa ere badu: hidrogenoa modu jasangarrian ekoizteko bide berri bat garatzeko aukera.

18 hilabeteko epean —iraupen hori izan ohi baitute mota horretako proiektuek—, ikertzaileek ahalegina egingo dute matraze txikietan eragindako erreakzioak erreaktore esperimental handiagoetara eraman eta teknologikoki heltzen laguntzeko. Fase horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) parte hartuko du entitate onuradun gisa, EHUko Kimika Fakultateko irakasle María Paulis Lumbreras eta Oihane Sanz Iturralderen zuzendaritzapean. Erreaktorea diseinatu eta baliozkotuko dute Paulisek eta Sanzek, eta, horri esker, ingurune kontrolatu batean egiaztatu ahal izango da sistemaren funtzionamendua. Halaber, aurkitutako teknologiak jada badu Europako patente-eskaera bat, zeinak garatutako prozedura eta haren aplikazio teknologiko posibleak babesten baititu.

Aurkikuntza zientifikotik inpaktu soziala duen berrikuntzara

ERC Proof of Concept (PoC) laguntzen bitartez, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) aurretik finantzatutako ikerketen ondoriozko aplikazio berritzaileen garapena finantzatzen da. ERC laguntza baten onuradunentzat soilik dira PoC laguntzak, eta haien helburua da emaitza zientifikoak eragin sozial edo ekonomiko posibleko aplikazioetara transferitzen laguntzea.

Testuinguru horretan, MIN-H2 proiektua emateak agerian uzten du, beste behin ere, oinarrizko ikerketak berrikuntzaren eragile gisa duen balioa, eta erakusten dute jakin-min zientifikoak bultzatutako aurkikuntzek bidea eman dezaketela gizartean eragin nabaria duten teknologiak sortzeko., hala nola hidrogenoaren ekoizpen iraunkorrari, eredu jasangarriagoetarako trantsizio energetikoa helburu duten Europar Batasuneko politikekin bat eginez, zeinek hidrogenoa funtsezko bektore gisa identifikatzen baitute garraioa, eraikuntza eta industria deskarbonizatzeko, beste sektore batzuen artean, eta 2050ean zero isuriko egoerara iristeko.

Laguntza hori emanda, Europak beste aintzatespen bat egin dio DIPCn egiten den oinarrizko ikerketari. ERC Proof of Concept laguntzen 2026ko lehenengo deialdian, MIN-H2 izan da zientzia eta berrikuntzako euskal sistemaren erakunde bateko ikertzaile bati eman zaion proiektu bakarra. Lorpen hori DIPCk azken urteotan izan duen bilakaera zientifikoaren barruan kokatzen da. Eboluzio horren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: bere gaitasun esperimentalak handitzea, ikerketa-ildo berriak sustatzea eta eraikin berri bat abian jartzea, 1.100 metro karratu laborategi eta azpiegitura baino gehiago dituena, puntako ikerketa eta transferentzia-ahalmena duten teknologien garapena bultzatzeko.