Innovación Bankinter fundazioak eta DIPC zentroak hainbat espezialista eta enpresa bildu dituzte fusio-energiaren industria-aukerak aztertzeko

2026 Urr 29

Donostia International Physics Center (DIPC) eta Innovación Bankinter fundazioak Fusioa: Euskadiren aukera berria jardunaldia egin dute, eta estatuko eta nazioarteko espezialistak bildu dituzte bertan, teknologia horren erronkak eta aukerak aztertzeko.

Innovación Bankinter fundazioak eta DIPC zentroak hainbat espezialista eta enpresa bildu dituzte fusio-energiaren industria-aukerak aztertzeko
Ezkerretik eskuinera: Itxaso Ariza, Juan Moreno Bau, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Sheila González de Vicente y Ricardo Díez Muiño

Eguzkiaren barnean gertatzen den prozesua erreproduzitzen du fusioak: nukleo arinak elkartzea, hala nola hidrogenoarenak, zeinak energia-kantitate handiak askatzen baititu. Etorkizuneko energia-iturri garbi posibletzat hartzen da, eta sistema energetikoa eraldatzeko ahalmena du. Fusio-energiak aukera berriak irekitzen dizkio industriari, haren garapenak aurrerapenak eskatu ahala: ingeniaritzan, materialetan, osagaien fabrikazioan eta sistemen integrazioan. Aplikazio komertzialerantz aurrera egiteko erronka handienetako bat da ezagutza zientifikoa soluzio teknologiko eskalagarri bihurtzea, eta, prozesu horretan, ikerketa-zentroen eta enpresen arteko lankidetza erabakigarria izango da.

DIPC zentroko zuzendari Ricardo Díez Muiñok, anfitrioi gisa, eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek egin dute irekiera instituzionala. “Fusioa, gaur egun, ingeniaritzako eta industriako erronka bat da, baina hamarkadatan garatutako zientzia eta hartan prestatutako pertsonak ditu euskarri. Euskadik oinarri hori du: ezagutza sortzen duten eta fusioaren hornidura-kate batek behar duen talentua prestatzen duten ikerketa-zentro, unibertsitate eta zentro teknologikoak. Erakunde publikoen eta enpresen arteko aliantza bat da DIPC, eta zientziak gizartean eragina izatea dago haren helburuen artean. Horregatik egiten da solasaldi hau gure etxean”, adierazi du DIPC zentroko zuzendari Ricardo Díez Muiñok.

Sailburuak azaldu duenez, “azken mende laurdenean eta, bereziki, azken hamarkadan, Euskadik aurrerapen handia izan du zientzia-industrien sektorean, azpiegitura zientifikoen zerbitzura dauden teknologia eta doitasun handiko gailuak diseinatzen eta ekoizten espezializatua. Ekipamendu horiek mundu osoan merkaturatzen dira. Gauza bera esan daiteke goi-teknologiako aparatuak, sistemak eta instalazioak helburu industrialetarako hornitzeari buruz. Aurrerapen horrek fusio-energiaren lasterketan parte hartzeko baldintza egokietan jartzen du gure industria, eta, horretarako, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sarearen laguntza izango du”.

Fusión_la nueva oportunidad industrial del País Vasco_adelanto-6.jpg

Innovación Bankinter fundazioko zuzendari nagusi Juan Moreno Bauk, jarraian, elkarrizketa egin die Clean Air Task Force erakundeko Fusio Energiako zuzendari global Sehila González de Vicenteri eta Tokamak Energy enpresako CTO Itxaso Arizari. “Fusioak promes zientifiko bat izateari utzi dio eta oraintxe bertan abian den lasterketa industrial bihurtu da. Fusio-enpresa batek erosten duen hori du Euskadik: ingeniaritza, prezisioko fabrikazioa, potentzia-elektronika, aeronautika eta dagoeneko ITERi eta garatzaile pribatuei saltzen dieten enpresak. Jardunaldi honekin, industria-ehun hori jarri nahi izan dugu fusioa eraikitzen dutenen aurrean, baita erakutsi ere, Alemaniako adibidearekin, eskualde bat antola daitekeela kate horren buru izateko”, esan du Innovación Bankinter fundazioko zuzendari nagusi Juan Moreno Bauk.

Jardunaldian, Laborategitik industriara mahai-ingurua ere izan da, INEUSTARko zuzendari nagusi Erik Fernández Escuderok gidatua, honako parte-hartzaile hauekin: Amaia Zarraoa, IDOMeko I+G zuzendaria; Juan Lizundia, SENEReko Ingeniaritza zuzendaria; Miguel Ángel Carrera, AVSren sortzailea eta CEOa; eta Ana Díaz de Zugazúa, Tecnaliako Industria eta Mugikortasuneko Merkatuaren arlokoa. Lau euskal erakunde horiek dagoeneko ari dira lanean ITERentzat, Fusion for Energyrentzat eta fusioko zenbait enpresa pribaturentzat.

Erakunde parte-hartzaileek partekatutako mezua argia da: fusioaren industria dagoeneko abian da, eta haren hornidura-katea osatzen ari da. Euskadik industriako eta teknologiako ahalmenak ditu sektore berri horretan rol esanguratsu bat betetzeko.