Valladolideko Zientziaren Museoak ‘STROM – Astronomia Inklusiboa’ aldi baterako erakusketa inauguratu du

2026 Apir 10

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) ekoitzitako erakusketa 2026ko azaroaren 2a arte izango da Museoko Aldi Baterako Erakusketen aretoan. Ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako unibertsoari buruzko esperientziei esker, gaitasun desberdineko pertsonek erakusketaz gozatzeko aukera izango dute

Valladolideko Zientziaren Museoak ‘STROM – Astronomia Inklusiboa’ aldi baterako erakusketa inauguratu du

Irene Carvajal Crusat Valladolideko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak ‘STROM - Astronomia Inklusiboa’ aldi baterako erakusketa inauguratu du gaur Valladolideko Zientziaren Museoa - Udaleko Kultura Fundazioan. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) ekoitzia, unibertsoari buruzko esperientziak barne hartzen ditu, zeinak ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarrituak baitaude. Ekitaldian izan dira, halaber, José Ignacio de Uribe Udaleko Kultura Fundazioko gerentea, Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendaria eta Valentina Rodríguez Castro erakusketaren komisario eta DIPCeko Komunikazioa eta Hedapena ataleko kidea.

Ricardo_STROM_Valladolid_2.jpgValladolideko Zientziaren Museoaren lankidetza jaso duen erakusketa honen eskutik, kosmosean bidaiatzeko aukera edukiko dugu, gure Eguzki-sistematik hasi eta unibertso ezagunaren mugetaraino. Eta bidaia horretan, zulo beltzak, neutrinoak, materia iluna eta energia iluna izango dira protagonistak. Zentzumen askotako esperientzia interaktiboetan eta geruzaka planteatutako diskurtso batean oinarritzen da erakusketa, eta bisitariek aukera izango dute astronomiako oinarrizko kontzeptuak ezagutzeko eta Euskal Herrian astrofisikaren eremuan egiten den ikerketa aurreratuenaren berri izateko.

Erakusketaren helburu nagusia ezagutza zientifikorako sarbide unibertsala bermatzea da, oztopo fisiko eta sentsorialak ezabatuz. Horretarako, elementu hauek jarri dira ibilbidean: ukipenezko informazio-panelak, letra-tamaina irisgarridunak; ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako audiogidetarako QR kodeak; eta zeinu-gidak dituzten ikus-entzunezkoak, azpitituludunak eta begizta magnetikoa dutenak.

Valentina_STROM_Valladolid.jpgHala, beste esperientzia batzuen artean, bisitariek konstelazio eta galaxien forma sentitu ahal izango dute beren eskuekin, Eguzkiaren jarduera entzungo dute, eta zulo beltz bat nola sortzen den eta beste prozesu kosmiko zirraragarri batzuk ikusiko dituzte irudi irisgarrien bidez. Beraz, unibertsoa ikuspegi inklusibo eta inguratzailez ezagutzeko proposamen bat da erakusketa.

‘STROM - Astronomia Inklusiboa’ erakusketak bat egiten du Valladolideko Zientziaren Museoaren irisgarritasun-balioekin eta haren ‘Ciencia con diferencia’ programarekin, zeinak gaitasun desberdineko pertsonentzako hezkuntza- eta erakusketa-baliabideak integratzen baititu.

Erakusketa 2026ko azaroaren 2a arte izango da Museoko Aldi Baterako Erakusketen aretoan eta Museoko sarrera konbinatua erosiz bisitatu ahal izango da. Museoaren lagun gisa izena emanda dauden pertsonek doako sarbidea edukiko dute.

Kolaborazioak eta erakusketaren garapena

Astronomia desgaitasunen bat duten pertsonengana (bereziki, ikusmen-desgaitasuna dutenengana) hurbiltzeko urteetan lan egin duten erakunde eta pertsonen laguntzari esker antolatu ahal izan da STROM - Astronomia inklusiboa erakusketa.

Kolaborazio horien artean, hauek nabarmenduko ditugu: planeten sorrerari buruzko ukipen-maketa, Núcleo Milenio de Formación Planetariak (NPF) garatua, Medellineko Planetarioak eta Giant Magellan Telescopek (GMTO) garatutako eguzki-sistemako ukipen-ereduak, Diego Portales Unibertsitateko (UDP) Ikerketa Astrofisikoen Institutuak egindako Eguzkiko soinuak eta AstroBVI proiektuko 3Dko galaxiak (Andaluziako Juntako Unibertsitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sailak eta Nazioarteko Astronomia Elkarteak finantzatu dute proiektua). Bestalde, ukimen-estelarioa Tabakalerako (Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) MediaLab-en dohaintza da, eta erakusketan erabili diren gida didaktikoak, berriz, Iruñeko Planetarioaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ekarpena dira.

Morgancrea enpresak diseinatu eta ekoitzi du erakusketa, eta Valentina Rodríguez DIPCko komunikazio- eta dibulgazio-arduraduna eta Silvia Bonoli DIPCko Ikerbasque astronomo eta doktorea izan dira komisarioak.