Etorkizuneko zientziaren aldeko adierazpen batekin amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian ekimena

2026 Ots 13

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin batera, Donostiako Aquariumean egin den ekitaldiak amaiera bikaina eman dio jarduera-programa zabal bati. Adierazpenak —gogoeta kolektibo baten emaitza gisa sortua— etorkizuneko zientzia inspiratzeko ekintzak jasotzen ditu.

Etorkizuneko zientziaren aldeko adierazpen batekin amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian ekimena
Emakumeak Zientzian ekimenaren 10garren urteurrenaren ospakizuna Donostiako Aquariumean.

Ekitaldian izan dira Ane Oiarbide (Donostia Sustapena), Jon Gurrutxaga (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ander Larrinaga (Arabako Foru Aldundia) eta Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia), baita erakunde parte-hartzaile guztietako ordezkariak, erakunde laguntzaileak eta jarduerak aurrera ateratzea ahalbidetu duten boluntarioak ere. Maitena Salinas ekitaldiaren aurkezleak jai-giroan zuzendu du ospakizuna, Janus Lesterren musikak girotuta; "Ertzak" kantua abestu du artistak, berak konposatua 2023an Emakumeak Zientzian ekimenaren ereserki gisa. Hamargarren edizio hau markatu duten lankidetzaren, ahalegin kolektiboaren eta ilusioaren balioa azpimarratu du aurkezleak.

Emakumeak Zientzian ekimenak bere manifestua eta ekintza-plana aurkeztu ditu; hain zuzen, aliantzak egiturazko desberdinkeriak ikuspegi askotariko batetik lantzeko duen konpromisoa jasotzen du dokumentuak. Emakume zientzialarien ikusgaitasuna indartu, ezagutzarako sarbidea demokratizatu eta lan-ingurune ekitatibo eta erantzunkideagoak sustatuko dituzten bederatzi jarduera-ildo ezartzen dira testuan, ekosistema zientifiko-teknologiko bidezkoago bat lortze aldera. Emakumeak Zientzian osatzen duten erakundeen konpromiso etikoaren erakusgarri da adierazpena, eta ekintza horiekin bat egitera gonbidatzen ditu enpresak eta erakundeak, etorkizuneko zientzia elkarrekin eraikitzeko: https://emakumeakzientzian.eus/manifestua/

Marea bizia gara” lelopean, Euskal Herriko hogeita hamalau erakundek kolektibitatearen indarra azpimarratu dute, eta etorkizunera begira amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian hau. Erakundeak oso modu positiboan baloratu du jarduera ugariko edizio hau, parte-hartzea handia izateaz gainera, oihartzun handia izan baitu komunikabideetan. Aho-zapore ona utzi du azken balantzeak eta, halaber, datozen edizioetan haziz eta ahaleginak gehituz jarraitzeko konpromiso kolektiboa indartu du.

Horregatik, eskerrik zintzoena eman nahi diegu erakunde parte-hartzaile guztiei, ekosistema zientifiko-teknologikoaren indarra eta lan kolaboratiboaren garrantzia agerian jarri dituen hamargarren edizio honetan izan duten inplikazioarengatik eta konpromisoarengatik. Haien laguntzari esker, Emakumeak Zientzianek hazten eta zientzia gizartera gerturatzen jarraitzen du. Datorren urtean ere batera arituko garelakoan gaude, elkarrekin eraikitzen ari garen bide honetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Logos Emakumeak Zientzian.png

Emakumeak Zientzian 2026ko erakunde koordinatzaileak:
BCAM - Oriana Elejalde
BCBL - Oihana Vadillo
BCMaterials - Daniel Bacigalupe
Biogipuzkoa - Koldo García
CIC bioGUNE - Jana Sendra
DIPC - Amaia Arregi
Elhuyar - Edurne Gaston
EHU Informatika - Olatz Arbelaitz
EHU Kimika - Oihane Sanz