Berdintasuna

Emakumeak Zientzian 2025 irekiera ekitaldia
Emakumeak Zientzian 2025 irekiera ekitaldia

DIPCn, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko konpromisoa berresten dugu, antolakuntza-kultura inklusibo eta anitza sustatuz.

2020ko irailean, gure Lehen Berdintasun Plana jarri genuen martxan. Diagnostiko-prozesuan identifikatutako erronka nagusiak islatu zituzten lau arlo giltzarriren inguruan egituratu zen: antolakuntza-kultura, langileen aniztasuna, lan-inguruneko sexu-jazarpenaren prebentzioa eta lana eta familia uztartzea. Besteak beste, lan-eremuan indarkeriaren aurkako protokolo bat egitea, sentsibilizazio-kanpainak egitea eta gure komunikazioetan hizkuntza inklusiboa txertatzea izan dira lorpen nagusiak.

Berdintasun Plana prozesu kolektibo baten emaitza izan zen. Prosezu horretan, DIPCko lan-arloetako ordezkariek parte hartu zuten, helburu horretarako berariaz sortutako Berdintasun Batzorde baten bidez.

Azken urteotan, DIPCk hainbat ekintza garatu ditu genero-berdintasunaren eta zientziaren aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko, emakumeen eta diskriminatutako beste kolektibo batzuen lana ikusarazteko, belaunaldi berriei hainbat erreferente eskaintzeko eta gizon zuri eta heterosexual gisa zientzialariaren estereotipo tradizionala hausteko. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean (otsailak 11) erreferente gisa finkatu gara, DIPCk hasieratik bultzatu duen Emakumeak Zientzian ekimenari esker. Gaur egun, Emakumeak Zientzian aliantzak Euskal Herriko 35 zientzia- eta teknologia-erakunde biltzen ditu. 2022an, ekimen honek STEAM Euskadi Lehen Saria eta STEAM Hezkuntzako Ekimen berritzaileenaren kategorian Genero Ikuspegiaren Aipamen Bereziaren Saria jaso zituen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasquek emandakoak.

2019tik, STEAMen Harrotasun Eguna ere ospatzen dugu azaroaren 18an, CFM eta CIC nanoGUNErekin batera. Gainera, "Emakumea eta Zientzia" programa espezifikoa sortu da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, emakume zientzialari bikainen karrera bultzatzeko helburuarekin.

2025ean, gure II. Berdintasun Plana lantzen ari gara, datozen urteetarako bide-orria zehaztuko duena. Horrekin, ekitatearekiko, aniztasunarekiko eta inklusioarekiko konpromisoa berretsi eta indartu nahi dugu DIPCko esparru guztietan.