Superkonputazio Zentroa
Superkonputazio Zentroak Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko komunitate zientifiko osoari eskaintzen dio konputazio zerbitzua. Sistema horren erabileraz baliatzen diren erakundeak bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak (BERC), Euskal Herriko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, osasun-ikerketako zentroak eta zentro teknologikoak dira, besteak beste.
Superkonputazio Zentroak azken belaunaldiko ekipamenduak ditu, eta gaur egun 700 bat erabiltzaileri zerbitzu jarraitua ematen die. Bi azpiegitura handi ditu: Hyperion eta Atlas superordenagailuak, DIPCren instalazioetan kokatuak.

17.000 nukleo baino gehiagorekin eta 200 TeraByte RAM memoriarekin, Hyperion Estatuko superordenagailu ahaltsuenetako bat da gaur egun. Hyperion-en nodoak 200 Gbps-ko Infiniband sare baten bidez konektatzen dira, lan paraleloak exekutatzeko aukera ematen duena, baita superordenagailua kudeatzeko erabiltzen den 100 Gbps-ko Ethernet sare baten bidez ere. Hyperionek 100 GPU inguru ditu, hainbat motatakoak, 72 GPU NVIDIA Tesla A100 barne, bereziki egokiak IAko eredu handiak entrenatzeko. Hyperion-en sistema eragilea Rocky Linux da.

Atlas 12.212 nukleo eta 85 TeraByteko RAM memoria dituen superordenagailua da. Bere latentzia baxuko sarea, lan paraleloak egiteko diseinatua, Infiniband FDR eta EDR nahastura bat da, 56 eta 100 Gbps-ko abiaduran, hurrenez hurren. Ekipamendu honek NVIDIAren 40 P40 txartel grafiko eta hainbat NVIDIA RTX 3090 ditu. Atlasen sistema eragilea CentOS da.
Ikerketa Lerroak
Hyperion eta Atlas buru dituela, Superkonputazio Zentroa tresna zientifiko boteretsua da, ikertzaileen beharretara egokitzen dena. Gure ekipamenduek ikerketa zientifikoaren abangoardian dauden sistemak eta fenomenoak simulatzen dihardute:
- Material Aurreratuak
- Unibertsoaren, galaxien eta zulo beltzen formakuntza
- Burmuinaren funtzionamendua
- Nanoegituren eta hainbat molekulen kalkulua
- Kimika Konputazionala
- Aldaketa Klimatikoa
- Adimen Artificial Sortzailea
- Matematika Aplikatua
- Genetika
- Konputazio Kuantikoa
- Oinarrizko Partikulen Fisika, neutrinoak barne
Konputazio Kuantikoko Zerbitzuak
DIPCren Superkonputazio Zentroak funtsezko rola hartu du BasQ estrategiaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatutako ekimen global honen helburua da Euskal Herria Europa hegoaldeko ekosistema kuantiko liderretako bat bilakatzea.
Gaur egun, DIPCk kudeatzen du Euskal Herriko ordenagailu kuantikoaren tokiko sarbidea, baita beste IBM kuantum-sistemetarako premium sarbidea ere, I2Basque ikerketa akademikorako sarearekin batera.
Zerbitzu Orokorrak
Superkonputazio Zentroko konputazio baliabideak funtzionamenduan daude eguneko 24 orduz, astean 7 egunez, urteko egun guztietan. Prestazio altuko konputazio sistemetara (HPC) sarbidea emateaz gain, Superkonputazio Zentroak zerbitzua ematen du aplikazio zientifikoetan, baita IT zerbitzu, datu-biltegiratze, web orrien kudeaketa, ostatatze- eta hosting-zerbitzuen alorrean ere.