Topological Matter School-en 2026ko edizioak efemeride bikoitza ospatuko du Duncan Haldane Nobel saridunaren parte-hartzearekin
Topological Matter School-ek, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako eskolak, hamar urte beteko ditu material kuantikoetako adituen hurrengo belaunaldia prestatzen
Topological Matter Schoolek, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen duen eskola ospetsuak, oso edizio berezia egingo du Donostian 2026ko abuztuaren 17tik 21era bitartean. Era berean, materiaren fase topologikoei buruz egindako aurkikuntzengatik David Thouless, Duncan Haldane eta Michael Kosterlitzi emandako Fisikako Nobel Sariaren hamargarren urteurrena ospatuko da. Eskolak hamar urte beteko ditu material kuantikoen alorra irauli duen ikerketa-esparru honetan ikertzaile gazteak prestatzen.
2026ko edizioak azken hamar urteotan izandako aurrerapen zientifikoei buruz hausnartzeko bereziki diseinatutako programa eskainiko du. Nazioarteko adituek emango dituzten izaera pedagogikoko hitzaldien bidez, arlo honen bilakaera eta etorkizuneko norabidea aztertuko ditu eskolak.
Une nabarmenetako bat Duncan Haldane irakaslearen inaugurazio-hitzaldia izango da. Haldanek 2016ko Fisikako Nobel Saria jaso zuen material topologikoen ezaugarri exotikoak ulertzeko egindako ekarpenengatik; izan ere, ekarpen horiek aukera berriak ireki dituzte teknologia kuantikoen eta etorkizuneko konputazio kuantikoaren garapenean. «Haren parte-hartzea ohore handia da guretzat, eta materia kuantiko topologikoaren arloan lortutako aurrerapen nagusiak berrikusteko ez ezik, etorkizunak planteatzen dituen aukera zientifiko eta teknologikoei buruz eztabaidatzeko ere balioko duen aste bati emango dio hasiera», adierazi du Maia García Vergniory DIPCko ikertzaileak, azken hamar urteotan ekimenaren sustatzaile eta koordinatzaile izan denak.
2016an sortu zenetik, eskola nazioarteko foro nagusietako bat bihurtu da ikertzaileen belaunaldi berriak prestatzeko eta materia kondentsatuaren fisikako arlorik dinamikoenetako batean ezagutza partekatzeko. «Urtero mundu osotik etorritako ehun ikasle inguru biltzen ditugu. Jasotzen ditugun eskabideek eskainitako plazak hirukoizten dituzte, eta, gainera, arlo honetako munduko erreferente nagusiek parte hartzen dute», azaldu du Maia García Vergnioryk. «Programak prestakuntza integrala eskaintzen du arloko hiru oinarrizko esparruetan, hau da, esperimentazioan, teorian eta konputazioan. Horrela, parte-hartzaileek ikuspegi osoa eskuratzen dute, edozein esparrutan beren ibilbide profesionala garatu eta etorkizuneko teknologietarako funtsezkoa izango den diziplina honen aurrerapenean laguntzeko», gaineratu du DIPCko ikertzaileak.
Ikerketa-esparru honetan inflexio-puntua ekarri zuen Nobel Saria eman eta hamar urte igaro ondoren, Topological Matter School eskolak efemeride bikoitz hori ospatuko du Donostian. Bertan elkartuko dira nazioarteko komunitate zientifikoko ordezkari nabarmenak eta material topologikoen ikerketaren hurrengo aurrerapenen protagonista izango diren ikertzaile-belaunaldi berriak. Ekimen honek agerian uzten du DIPCk zer konpromiso duen prestakuntza aurreratuarekin, bikaintasun zientifikoarekin eta diziplina honetako etorkizuneko aurrerapenak bultzatuko dituzten nazioarteko sareak sustatzearekin.