Zientzialari eta filosofo entzutetsuek "Bizitzaren jatorria" izango dute eztabaidagai San Telmo Museoan
Itzuli da Donostia, Zientzia Hiria programa, eta Jack Szostak Nobel saridunaren hitzaldi bat eta mahai-inguru bat eskainiko ditu. Mahai-inguruak espazioan bizitza bilatzeari buruzko gakoak izango ditu hizpide, bai eta Lurrean bizitzaren agerpena eragin zuten prozesu kimiko eta fisikoak ere. Bizitzaz zer ulertzen dugun ere izango da eztabaidagai

Zientzia eta gizartea diziplina anitzeko ikuspegi batetik lotzeko, hemen da berriro Donostia, Zientzia Hiria, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta San Telmo Museoak Erronkak atalean antolatutako ekimena. Edizio berri honek ‘Bizitzaren jatorria’ izango du ardatz. Naturaren enigma handienetako bat da hori, eta kimikatik, fisikatik eta biologiatik jorratu izan da. Azkenaldian, eztabaida sutsuak piztu ditu ikuspuntu ontologikotik, zalantzan jartzen baitu bizitzaren definizioa bera.
Nola gertatu zen mundu bizigabe batetik mundu bizi baterako trantsizioa? Erreproduzitu daitezke laborategian jauzi edo trantsizio horiek? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, urriaren 16an (osteguna), 19:00etan, Jack Szostak Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saridunak hitzaldi bat emango du San Telmo Museoan. Telomeroen egitura eta funtzioa ulertzeko eta telomeroek zelula-seneszentziaren prebentzioan duten rola argitzeko egindako ekarpen garrantzitsuengatik eman zioten Nobel saria. 2000. urtetik gaurdaino, sistema autoerreplikatzaileen laborategiko sintesia eta bizitzaren jatorria izan ditu ikerketa-ildo nagusi, eta gai horiexek jorratuko ditu hitzaldian. Amaitzeko, Kepa Ruiz Mirazo (Biofisika, EHU) zientzialariarekin solastuko da Szostak. Jarduera ingelesez izango da, eta euskarara eta gaztelaniara aldibereko itzulpena eskainiko da.
Urriaren 17an (ostirala), 19:00etan, 'Zer da bizitza eta nola sortzen da? Elkarrizketak filosofiaren eta zientziaren ikuspegitik' mahai-ingurua egingo da. Hauek parte hartuko dute: Izaskun Jiménez Serra, Astrobiologia Zentroko (CAB, CSIC-INTA) ikertzailea, zeinak ERC-Consolidator bat jaso berri baitu, izar-ingurunean molekula organiko prebiotikoen eraketa eta detekzioa aztertzeko; Juan Manuel García Ruiz, DIPCko Ikerbasque irakaslea, Autoantolaketa Mineralaren eta Bizitzaren Jatorriaren Donostiako Laborategiko burua eta kristalografiako munduko aditu handienetako bat; eta Kepa Ruiz Mirazo, Biofisika Institutuko ikertzailea, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientziaren Filosofia eta Konplexutasunaren Filosofiako irakaslea eta bizitzaren jatorria gaiaren ikertzaile ospetsua.
Mahai-inguruan, mintzagai izango dira bizitzaren bilaketa espazioan eta Lurrean bizitzaren agerpena eragin zuten prozesu kimiko eta fisikoak, eta gai horien guztien gakoak aletzeko ahalegina egingo da, diziplina anitzeko solasaldi baten bidez. Gainera, bizitzaz ulertzen duguna aztertuko da galdera irekien bidez, eta hori guztia hizkuntza hurbil eta erakargarri batekin. Mahai-ingurua gaztelaniaz egingo da.
Bi jarduera horietarako sarrera doan izango da, leku guztiak bete arte.