Bueltan da Passion for Knowledge: zientzia eta herritarrak berriz elkartuko dira!
Passion for Knowledge (P4K) nazioarteko zientzia-jaialdiak zientziaren, kulturaren eta pentsamendu garaikidearen arloko ahots nabarmenetako batzuk bilduko ditu berriro 2026an, herritar guztiei irekitako edizio berri batean. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako jaialdiaren seigarren edizioa 2026ko irailaren 28an hasi eta urriaren 3an amaituko da, eta ezagutza gizartera hurbiltzea eta zientzia gure kulturaren funtsezko osagai gisa aldarrikatzea izango du helburu.
Edizio berriak nazioarteko zientzialari ospetsuak bilduko ditu berriro; bertan izango dira hainbat Nobel saridun, beren ikerketa-arloetako erreferenteak eta azken hamarkadetako aurrerapen eta aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen protagonistak. Ohiko hitzaldi nagusien bidez, bertaratzen direnek ezagutzaren mugara hurbiltzeko aukera izango dute, eta zuzenean ezagutu ahal izango dute ikerketak nola eraldatzen duen errealitatea ulertzeko modua.
Oraingoan ere Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango da nazioarteko hitzordu honen egoitza nagusia, eta Bilbon ere egingo dira hainbat jarduera. Programak hitzaldiak eta askotariko publikoari zuzendutako jarduerak uztartzen ditu: topaketak Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, Naukas saioak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak eta dibulgazio-jarduerak eduki-sortzaileekin, besteak beste.
Laster jakinaraziko ditugu Passion for Knowledge jaialdiaren 2026ko edizioko jarduera-programa erakargarriaren xehetasun guztiak!
Albiste guztiak jasotzeko, eman izena gure newsletterrean:
Newsletterra