Pedro Miguel Etxenikek Zientziarekiko Pasioa saria jaso du
DIPCko presidenteak bere ibilbide zientifikoagatik eta zientzia motor kultural eta sozial gisa sustatzeko egindako lanagatik jaso du aitorpen hori.
Pedro Miguel Etxenikek Zientziarekiko Pasioa saria jaso du urtero Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak antolatzen duen #LabMeCrazy! zientziaren inguruko nazioarteko zinemaldian. Sari banaketa atzo izan zen, Nafarroako Unibertsitateko Museoko Antzokian ospatu zen jaialdiaren galan.
Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) Nafarroako Unibertsitateak Donostiako campusean ematen zuen Zientzia Fisikoetako lizentziaturako lehen ikasleetako bat izan zen, eta 1972an lizentziatu zen bertan. Cambridgeko Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktorea da. Gaur egun, Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun emeritua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
Benito Leon, #LabMeCrazy! Science Film Festival-en zuzendariaren hitzetan: "Ohore bat da #LabMeCrazy! -rentzat zientzialari handi honen ibilbidea aitortzea; funtsezko zientzia motor kultural eta sozial gisa sustatu duen ikertzailea. Gainera, zientziaren komunikazio-lan aparta egin du, eta zientziarekiko pasioa belaunaldi berriei transmititzeko adibiderik onena da".
Bere ibilbide profesionalean emandako aintzatespen eta sari ugarien artean honako hauek nabarmentzen dira: Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea, Fisikako Max Planck, Xabier María de Munibe saria, Euskadiko Ikerketa saria, Dupont zientzia saria, Kulturaren Vianako Printzea, CSICen Zientziaren Zuhaitz Saria, Zientzia eta Teknologiako Iberdrola Saria, Fisikako, Materialen eta Lurraren Zientziako Blas Cabrera saria, besteak beste. Donostia Hiriko Urrezko Domina, Espainiako Fisikako Erret Elkartearena, Gipuzkoako Urrezko Domina eta 2016an Nafarroako Urrezko Domina jaso zituen. 1998an Urteko Euskaldun Unibertsal izendatu zuten. Nafarroako Izaba hiribilduko Seme Kutuna da.
Sari honekin, Pedro Miguel Etxenike ere gehitu da ibilbide bikaina egin duten eta jaialdi honen aurreko edizioetan sarituak izan diren zientzialarien zerrendara. Aurreko edizioetan Zientziarekiko Pasioa saria jaso duten zientzialarien zerrenda, hauxe da: Francis Mojica, Margarita del Val, Luis Soluanes, Vicente Larraga eta Mariano Esteban, Clara Grima, Juan Luis Arsuaga eta Sara García Alonso.
#LabMeCrazy!
#LabMeCrazy! Science Film Festival zientziari buruzko nazioarteko zinema-lehiaketa bat da, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak antolatua, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren, SACYR Fundazioaren, Laboral Kutxaren, Lilly Fundazioaren eta Sanitasen laguntzarekin.