DIPCk eraikin berria inauguratu du, eta beste garai bati ekin dio

2026 Eka 24

21 milioi euro inbertitu ditu eraikinean, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta; 1.100 m2-tik gorako azalera eskaintzen die eraikinak azken belaunaldiko laborategi zientifikoei, eta beste garai baten hasiera markatzen du zentroarentzat. Gaur inauguratu du Imanol Pradales lehendakariak azpiegitura, eta aukera emango du gaitasun esperimental berriak sustatzeko eta DIPC nazioarteko erreferentziako ikerketa-zentro gisa sendotzeko.

DIPCk eraikin berria inauguratu du, eta beste garai bati ekin dio

25 urte etengabe hazten eman ondoren, Donostia Internacional Physics Centerrek (DIPC) eraikin berria inauguratu du gaur: bere gaitasun zientifikoak sendotzeko eta ikerketaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko sortutako azpiegitura bat.

Ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria, DIPCren presidente Pedro Miguel Etxenike, ordezkari instituzionalak, DIPCren patronatuko kideak eta komunitate zientifikoa, eta, instalazio berriak ezagutu ondoren, zuzenean jaso dute azpiegitura berriaren ahalmen zientifiko eta teknologiko nagusien berri.

Inaguración DIPC-4.jpg
Ezkerretik eskuinera: Jon Insausti, Donostiako alkatea; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; eta Imanol Pradales, Lehendakaria.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu du gaur egun Donostia eta Euskadi fisikan eta teknologia kuantikoetan nazioarteko erreferente nagusien parte direla, aurreko belaunaldien ikuspegiari eta ahaleginari esker, eta ondare horri anbizioz eta konpromisoz jarraipena emateko erantzukizuna azpimarratu du. Ildo horretan, adierazi du DIPCren instalazio berriek gaitasun zientifikoak eta gizartearekiko lotura indartzeko aukera emango dutela, Euskadik zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua etorkizuneko zutabe gisa sendotuz.

21 milioi euro inguru inbertitu dira azpiegitura berrian, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak finantzatuta. Diru horrekin, eraikina ez ezik, haren ekipamendu zientifiko eta teknikoaren zati bat ere egin da. IDOMek proiektatu du eraikina, eta Construcciones Sukia Eraikuntzak enpresak eraiki. Guztira, 6.200 m2-ko azalera du, sei solairutan banatuta, eta datozen hamarkadetan zentroari hazten laguntzeko diseinatu da. Kalitate arkitektonikoko eta jasangarritasuneko estandar altuei jarraikiz egin denez, A energia-kalifikazioa du, bai eta soluzio aurreratuak ere kontsumoa eta emisioak optimizatzeko.

Eraikin berriaren elementu aipagarrienetako bat da 1.100 m2-tik gorako azalera eskaintzen diela azken belaunaldiko laborategi zientifikoei, zeinetan ikerketa esperimentala egingo baita arlo estrategikoetan; besteak beste, teknologia kuantikoak, nanozientzia eta material kuantikoak, neutrinoen fisika, kimika eta polimero aurreratuak, nanoneuroa eta biziaren jatorria. Gainera, badira eremu osagarriak etorkizuneko garapenetarako. Beheko mailan, eskakizun tekniko bereziki zorrotzak dituzten laborategiak daude, hala nola tunel-mikroskopiakoak eta teknologia kuantikoetakoak, zeinak isolamendu- eta egonkortasun-baldintza aurreratuak baitituzte.

DIPCren presidente Pedro Miguel Etxenikek adierazi duenez, “eraikin hau aspalditik datorren apustu kolektibo baten emaitza da. Gure autogobernuaren eta erakundeek hartutako konpromisoaren fruitua da, hainbat urtez proiektu partekatu hau babesten eta sostengatzen jakin baitute”. Halaber, haren arabera, “gaur abian jarriko den proiektua ez da azpiegitura huts bat. Eraikin bat baino askoz gehiago da: etorkizuneko ikuspegi bat gauzatzea da, zeina duela urte asko zehaztu baitzen eta uste osoz eutsi ahal izan baitzaio, aurrerapauso hau eman ahal izan den arte. Zientzian, olatuaren gailurrean mantentzeko modu bakarra ‘olatua eraikitzea’ da, Cambridgeko Cavendish Laboratory mitikoaren zuzendari Rutherforden hitzetan”. Azkenik, zera esan du: “Idomek eta Sukiak ondo ulertu dute proiektu honen asmoa, eta elkarrekin aritu gara eraikina diseinatzeko eta eraikitzeko abangoardia bilatzen. Eskerrak eman nahi dizkiet prozesu osoan lagun egiteagatik”.

Laborategiez gain, eraikin berrian badira lan-eremuak, bilera-gelak eta gune komunak ere, askotariko diziplinetako ikertzaileek interakzioan jardun dezaten. Haien diseinuak aukera ematen du elkartzeko eta ideiak trukatzeko, eta, horrela, ingurune kolaboratiboagoa eta diziplinartekoagoa sustatzen da. Orobat, azpiegitura berriak indartu egiten du zientzia gizarteari hurbiltzeko DIPCk duen bokazioa. Horretarako, 150 lagunentzako entzunareto bat du komunikazio zientifikoko eta herritarrekiko interakzioko jardueretarako, bai eta nazioarteko biltzar zientifikoetarako ere.

Eraikin berria martxan jarriz, DIPCk jauzi kualitatiboa egingo du bere garapen zientifikoan, ahalmen handiagoa izango baitu nazioarteko talentua erakartzeko, ikerketa esperimentaleko ildo berriak sustatzeko eta zientziarako eta gizarterako arlo estrategikoetan ezagutzari aurrera egiten laguntzeko.

Donostia International Physics Center (DIPC)

2000. urtean sortu zen DIPC, eta Europako hegoaldeko oinarrizko ikerketako zentro nagusi gisa sendotu da. Bere ikertzaileen bikaintasunean, sormenean eta askatasunean oinarritutako eredu bat sustatzen du, eta Eusko Jaurlaritzak Basque Excellence Research Centre (BERC) gisa aintzatetsi du. Gaur egun, 35 nazionalitatetik gorako 300 ikertzaile baino gehiagoko nazioarteko komunitate zientifiko bat biltzen du, eta mugako ikerketa garatzen du askotariko arloetan, hala nola teknologia kuantikoetan, material berrietan, biziaren jatorrian eta unibertsoaren bilakaeran. Gaurdaino, 7.357 argitalpenetik gora egin ditu, eta 315.000 aipamen baino gehiago jaso ditu. Hain zuzen ere, 2025ean, 36.641 aipamen jaso zituen.

Ikusi bideoa

Argazki gehiago Irekian