Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditu On Zientziak

2026 Eka 5

Elhuyarrek eta DIPCk hamaseigarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da gaur, Tabakaleran. “Gure bigarren garuna: hesteetako mikrobiotaren botere ezkutua” bideoak jaso du sari nagusia.

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditu On Zientziak

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Gaur banatu dira aurtengo sariak, hamaseigarrenak jada, Tabakaleran.

Aurten 114 lan jaso dira, inoiz baino gehiago, eta bideo gehienak euskaraz aurkeztu badira ere, badira gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak ere, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv

Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Yurena Carrero gasteiztarrak jaso du, “Gure bigarren garuna: hesteetako mikrobiotaren botere ezkutua” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “dibulgazio-lan biribila da: edukiak, formatua, irudia… eta baita lokuzioa ere. Pil-pilean dagoen gaia lantzen du, eta genero-ikuspegia ere berariaz txertatzen asmatu du, interes handiz”.

Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) ex aequo ematea erabaki du aurten epaimahaiak. Batetik, Jon Esnaola Lopez, Ane Fradejas Marculeta eta Dunixe Urrutibeaskoa Azula biologiako ikasleek irabazi dute saria, “Tinder – Match! Edo Kosk!” bideoarengatik. Epaimahaiak hauxe nabarmendu du: “bideo originala da, umorez eta xehetasunez betea. Gaiari primeran doakion formatua aukeratzen jakin dute egileek”. Bestalde, Noa Lopez Ochoa zarauztarrak ere irabazi du saria, "Olagarroa” bideoarengatik. Epaimahaiaren ustez, “egileak baliabideak ongi erabiltzen jakin du berez irudiz janzteko zaila den gai baterako. Animalia berezi baten berri ematen digu, xehetasun askorekin, eta adimena eboluzionatzeko beste modu bat ere kontatzen du”.

Gazte Saria (1.000 €) Donostiako Xabier Zubiri Manteo ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek jaso dute, ”Komentsalismoa” lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “freskotasuna eta dinamismoa darion bideoa da, eta nabari da talde-lanean primeran aritu direla. Egunerokoan identifikatu duten arazo bat aztertu, azaldu eta irtenbidea elkarrekin aurkitu diote”.

Aurten, gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio hausnarketa egiteko bidea ematen duen lan bati. Alde zientifikoa, alde soziala, eta gazte eta emakumeek jasaten duten presioa ikustarazten ongi asmatzen duen bideoa da Ainhoa Lopez eta Nerea Etxaburu kimikako ikasleen “Edertasuna salmentan” lana.

Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Zientzia eta Berrikuntza sailburuordeak; Ricardo Diez Muiñok, DIPCko zuzendariak; Edurne Gaston Estangak, Elhuyarreko Zientziako koordinatzaileak; Marian Iriarte Ormazabalek, EHUko errektoreorde eta epaimahaikideak; eta Nagore Rementeria Argotek, Teknopolisen ordezkari eta epaimahaikideak.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako Errektoreordea; Cristina Tapia Huici, Euskadiko Filmategiko komunikazio-arduraduna; Jon Mattin Matxain Beraza, EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta DIPCko kidea; Itxaso Azcune Tolosa, DIPCko komunikazio-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarren eta Teknopolisen ordezkaria.

Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Ekainaren 13an 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 14an 12:25ean ETB2n.