Hegaztien eta haien abenturen mundu liluragarria dira Ikastetxeak Belodromoan saioetako protagonistak
Milaka haurrek bete dute Belodromoa "Migrazioa, bidaia ahatezina / Migration, 2023" ikusteko, Mallard ahate familiaren bidaia liluragarria kontatzen duena. Donostia Zinemaldiaren baitan, Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) eta Euskadiko Filmategiakin elkarlanean antolatutako proiekzioaren gai nagusia hegazti migratzaileen mundu liluragarria eta haien abenturak izango dira aurten. Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko (Aranzadi) biologo eta ornitologoak hartu du parte proiekzioan, eta dagoeneko ohitura den bezala, Pepper robot sozialak saioa animatu du.
Zinema eta zientzia uztartzeko asmoz, gaur goizean Ikastetxeak Belodromoan ekimena jarri da abian. Sei egunez, Gipuzkoako lehen hezkuntzako 80 bat ikastetxetako ikasleak hegaztien mundu liluragarrira, haien migrazio-ibilbideetara eta gure inguruko hezegune gustukoenetara hurbilduko dituena.
Migrazioa, bidaia ahatezina pelikulak, Benjamin Rennerrek (Paris, 1983) eta Guylo Homsyk (Paris, 1982) zuzenduta, Mallard ahate-familiaren bidaia liluragarria kontatzen digu. Hainbat urte euren urmaeletik urrundu gabe eman ondoren, urrutiko lurretatik iritsi berri den beste familia baten istorioek Jamaika tropikaleranzko abentura bat egitera animatuko dute Mallard familia, hara iritsi aurretik New Yorketik igarota.

Edizio honetako zientzialari gonbidatua da Edorta Unamuno, Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako Urdaibai Bird Centerreko (Aranzadi) biologo eta ornitologoa. Hala, inguruko paduren garrantzia eta gure padurek hegaztien migrazio-ibilbideetan duten funtsezko zeregina azaldu du Unamunok, batez ere Europaren eta Afrikaren arteko joan-etorrietan. Era berean, Urdaibai Bird Centerrek hegazti txikien jarraipenerako gauzatzen dituen proiektu zientifikoak gertutik ezagutzeko aukera izan dute gerturatutakoek.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko Elena Lazkanok gidatutako Pepper robot sozialak ezin zuen kale egin eta urteroko hitzorduan izan da. Ohi bezala, izan ere, tandem paregabea osatu du Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan. Eskoletako ikus-entzuleek Belodromoko ikono bihurtu den robot honen aparteko trebetasunez gozatu ahalko dute, aurten ere, Zinemaldian zehar.
Jose Luis Rebordinos eta Lucía Olaciregui Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta zuzendariordea, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Ricardo Diez Muiño eta Nora Gonzalez Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendari nagusia eta komunikazio zuzendaria, Edorta Unamuno, Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako Urdaibai Bird Centerreko (Aranzadi) biologo eta ornitologoa eta baita ekitaldia antolatzen duen taldeko kideak ere izan dira gaur goizeko inaugurazio-ekitaldian.

Julen Cano diseinatzaileak sortu du Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko kartela, gure hiriko zeruetan hegan egiten duen hegazti talde bat protagonista duena. Gainera, erakunde antolatzaileen webguneen bitartez, gure hegaztiak mozteko, koloreztatzeko eta hegan eginarazteko eskulan bat jarriko da eskuragarri.