STROMen ukipen-planetak Bilbora iritsi dira ‘Mitoak orbitan. El Universo a la vista’ erakusketaren bitartez
Bilboko Berreginen Museoko aldi baterako erakusketa berriak zubi bat eraiki nahi du mitologiaren, artearen, zientziaren eta inklusioaren artean. 2026ko maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik erakusketa
Bilboko Berreginen Museoak inauguratu berri du ‘Mitoak orbitan. El Universo a la vista’ erakusketa, eta ikusgai egongo da 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra arte. Proposamenak mitologia klasikoaren eta behaketa astronomikoaren arteko loturak aztertzera gonbidatzen gaitu, pieza errenazentisten eta ukipen-baliabideen bitartez, iraganeko kulturek kosmosa nola interpretatu zuten hausnartzeko.
Itziar Martija aritu da komisario-lanetan eta museoak berak ekoitzi du erakusketa, zeinak biltzen baititu, besteak beste, Errenazimentuko obrak (naturaren lau elementuei eta Antzinaroan ikus zitezkeen Eguzki Sistemako zeruko gorputzei lotutako jainko greko-erromatarrak irudikatzen dituztenak), Madrilgo Cerralbo Museotik ekarritako estanpa errenazentista bat eta Partenoiko Ilargiaren Gurdiaren zaldi burua, zeina mitologiaren eta ortziaren errepresentazioaren arteko konexioaren sinboloa baita. Multzoaren osagarri, DIPCren ‘STROM Astronomia Inklusiboa’ erakusketako modulu bat ere ikusgai dago, aukera ematen duena Eguzki Sistemako planetak ukitu eta haien tamainak alderatzeko.
‘Mitoak orbitan. El Universo a la vista’ museoaren aldi baterako erakusketa-politikaren emaitza da, eta haren helburua da funts propioei balio handiagoa ematea, haien irakurketa aberastea eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea. Oraingoan, aktiboki parte hartu dute Eusko Jaurlaritzak, Cerralbo Museoak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC), eta hala, erakusketaren diziplinarteko dimentsioa indartu dute.