‘Donostia is Science’, Kimika Fakultatearen 50garren urteurrena ospatzeko biltzarra
Biltzarraren itxiera gaur izango da, Albert Fert Kimika Fakultateko irakasle emerituak 15:30ean, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian eskainiko duen hitzaldiarekin.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak (EHU) 50 urte bete ditu, eta urte osoan zehar luzatuko den jarduera-egitarau zabalarekin ospatuko du. “Donostia is Science” biltzarra, ekitaldi nabarmenetakoa, aste honetan ospatzen ari da, gure lurraldean, kimikaren inguruko gaietan lana egiten duten 150 ikerlariren parte hartzearekin.
UPV/EHUko Kimika Fakultateak antolatu du kongresua, DIPC, Materialen Fisika Zentroa (CFM), POLYMAT, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIDETEC eta Biogipuzkoa ikerketa-zentroen laguntzarekin.
Irekiera ekitaldian, Jon Mattin Matxain Kimika Fakultateko dekanoak eta DIPCko kideak, balioan jarri du erakundean garatutako ikerketa zientifikoa (8 Euskadi Sari, bi Nobel Saridun atxiki, Asturiasgo Printzea sariduna), lortutako proiektu europarrak, bai eta proiekzio handiko gazteen eta fakultatetik jaiotako lau ikerketa-zentro garrantzitsuren lanari ere: Materialen Fisika Zentroa, CIDETEC, DIPC eta POLYMAT.
Hiru egunetan zehar, maiatzaren 28tik 30era, kimika organikoan, ez-organikoan, analitikoan, kimika fisikoan, biokimikan edo eta polimeroetan aritzen diren kimikariek zein gertuko arloetako zientzialariek (biologoak, medikuak, fisikariak, materialen zientzian adituak, ingeniariak...) sintesi kimikoari, biomedikuntzari, material eta energia berriztagarriei, polimeroei eta horien aplikazioei, biomaterialei, bateriei eta antzeko gaiei buruzko esperientzia eztabaidatu eta partekatu dute.
Zientzia-ekitaldi honen helburu nagusia da lankidetza berriak ezartzea eta EHUko Kimika Fakultatearen eta lurraldeko beste ikerketa zentroen arteko loturak finkatzea; hiriko ekosistema zientifikoa sustatzea; lurraldean prestatzen diren ikertzaile gazteen ikerketa zabaltzea; eta, kimikako hainbat arlotako eta zientziaren beste adar batzuetako zientzialari arrakastatsuak erakartzea.
Kongresuaren amaiera ostiralean, maiatzaren 30ean, izango da, 15:30ean, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian (HEFA I), Albert Fert Fisikako Nobel saridunak, Kimika Fakultateko Itzal Handiko Irakasleak, emango duen emanaldiarekin.