Adolfo del Campo eta Javier Aizpurua, American Physical Society 2023ko kide hautetsiak

2023 Urr 23

Adolfo del Campo eta Javier Aizpurua, American Physical Society 2023ko kide hautetsiak

Adolfo del Campo eta Javier Aizpurua ikerlariek American Physical Society-ko Fellow izendapena jaso dute, fisika kuantikoaren eta fisika-kimikoaren alorretan egindako ekarpen esanguratsuak aitortuz.

Adolfo del Campo (Luxenburgoko Unibertsitatea, DIPCko Elkartua) “Sistema konplexuen adiabatikotasunerako bidezidorrak garatzeko ekarpen aitzindariengatik eta fase-trantsizioko dinamika aztertzeagatik, Kibble Zurek-en mekanismoa orokortuz”.

Javier Aizpurua (Materialen Fisikako Zentroa - CFM/CSIC, DIPC elkartua) “Nanoplasmonikaren teoriari egindako ekarpenagatik. Ekarpen horiek aurrerapauso handiak egin dituzte argiaren interakzioak eskala nanometrikoan eta atomikoan ulertzeko, plasmonika kuantikoa eta nanometrologia barne”.

APS Fellowship programa ikerketa eta argitalpenen bidez fisikan ekarpen esanguratsuak egin dituzten kideak, baita fisika zientzian eta teknologian aplikatzeko ekarpen berritzaile garrantzitsuak egin dituztenak ere aitortzeko sortu zen. Izendapen bakoitza APS sail egokiko beka-batzordeak, gaiko talde edo foroak edo APSko beka orokorren batzordeak ebaluatzen du. Izendapena ohore handia da, lankide pareen onarpena adierazten baitu. Urtero, elkarteko kideen (ikasleak izan ezik) ehuneko baten erdia da gehinez Fellown estatusa lortzen duena.

DIPC-ra atxikitutako bi ikerlariek izendapen honen inguruko hausnarketa partekatu dute gurekin:

Adolfo del Campo: "APS, Fisika diziplinako erakunderik ospetsuena da, eta Fellow izatea ohorea da. Aintzatespen hau kalitate-zigilua da niretzat, nazioarteko komunitate zientifikoak nire kolaboratzaileekin batera egin dudan lana aitortzen duelako hain zuzen. Izendapenak batzorde berezi baten izendapena eta babesa behar du. Ni, Informazio Kuantikoaren Dibisioan izan nahiz izendatua; aurten, guztira, sei ikertzaile izan gara aukeratuak. UPV/EHUn ikasle nintzela fisikako bi erraldoi ezagutzeko aukera izan nuen: Tom W. B. Kibble eta Wojciech Zurek. Hori duela asko izan zen, 2003an, Bilbon antolatu zen COSLAB ekitaldian. Agian horren ondorioz, urte batzuk geroago, Imperial College London-eko postdoc egonaldian, bere ideien inguruan ikertzen hasi nintzen. Haiekin lan egiteko aukera ere izan nuen, Oppenheimer Fellow gisa Los Alamos National Laboratoryn. APSk fase-trantsizioei inguruan, Kibble-Zurek-en mekanismoa deritzon paradigma bat orokortzeko egin ditudan ekarpenak aitortzen ditu. Halaber, aitzindaritzat hartzen ditu, posdoc gisa, sistema kuantikoak azkar kontrolatzeko helburuarekin sistema konplexuen adiabatikotasunerako bidezidorrak garatzeko egindako ekarpenak ere. Hamarkada bat geroago, algoritmo kuantikoak garatzeko zientzialari askok eta konputazio kuantikoaren mugan lan egiten duten hainbat konpainiak erabiltzen dituzte. Ikerketa izugarri gustatzen zait, eta nire bizitzaren zati garrantzitsua da. Erritmoa nahiko frenetikoa da, eta “zarata” handia dago. Baina ideia onak izateak eta garatzeak kontzentrazioa eta lasaitasuna eskatzen ditu. Etorkizunean beste ideia interesgarri batzuekin lagundu ahal izatea espero dut. Zientzia arte gisa ikusten jarraitzen dut; intuizioa, jakin-mina eta balio estetikoa dira gidari onenak, eta inspirazioak eta sormen-kolpeek funtsezko balioa dute, prozesua magiko samarra da. Urte asko igaro ditut Estatu Batuetan, irakasle ere izan nintzen han, eta APSren aintzatespena oso berezia da niretzat”.

Javier Aizpurua: "Doktoretzako ikasle gisa argitaratu nuen lehen artikulua Physical Review B aldizkarian izan zen. Aldizkari hori APS familiako Materia Kondentsatuaren Fisikako aldizkaririk entzutetsuenetako bat zen garai hartan, baita gaur egun ere. APS erreferentzia-puntua izan zen beti Fisika serio eta interesgarria egin nahi zenean; beraz, bereziki eskertzen dut aurten APS Fellow izendatu izana. Peter Apell, Mikael Käll eta Hongxing Xurekin batera (Goteborgen), espektroskopia molekularrari buruz egin nituen lehen ekarpenetatik hasita, APSrekin lotura estua duten ikertzaile bikainek nire jardueran eragin handia izan dute. Estatu Batuetan egon nintzenean, NISTko Garnett Bryantek eta Houstoneko Peter Nordlander eta Naomi Halasek plasmako eszitazioen alderdi kuantikoei eta horiek molekulekin duten elkarreraginari erreparatzera bultzatu ninduten. Azkenik, Europan bueltan, Andrei Borissov (Paris Saclay), Jeremy Baumberg (Cambridgen) eta Rainer Hillenbrand-ekin (Donostian), fotoien, elektroien eta fotoien elkarrekintzaren edertasuna aztertu izan dut sarritan, APSren aldizkari eta bileren testuinguruan. Emaitza hauek etorkizunean ere APS-n oihartzuna izaten jarraitzea espero dut".