Aran Garcia-Lekuek emakume ikertzaileei zuzendutako Ikerbasque aitorpenetako bat jaso du
Mª José Sanz, Aran García-Lekue eta Amaia Arruabarrena ikertzaileek aintzatespena jaso dute gaur orain arte egindako ikerketa-ibilbideengatik. Euskadiko emakume ikertzaileen lana ikusaraztea da ekimenaren helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias Ikerbasqueko lehendakaria buru, Ikerbasque aintzatespenak banatu dira gaur goizean egin da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa-jarduera egiten duten hiru emakumeri: Maria José Sanz, Aran García-Lekue eta Amaia Arruabarrena. Ekitaldian izan dira, halaber, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroen arduradunak.
Euskadiko emakume ikertzaileak eta hauen lana ikusaraztea da aitorpen honen helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Hartara, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena aitortu dira.
2025. edizioan, emakume ikertzaile hauek jaso dute aintzatespena:
- Advanced, Advanced, ikerketa-karrera osoaren aitorpena:
- Mª José Sanz, BC3-Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa.
- Consolidator, dagokion ikerketa-eremuan liderra izan den emakume ikertzaile baten aintzatespena:
- Aran García Lekue, DIPC-Donostia International Physics Centerren lan egiten duen Ikerbasqueko Research Professor kategoriako ikertzailea
- Starting, emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena:
- Amaia Arruabarrena, UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko eta Ramón y Cajaleko ikertzailea.
Aitortutako emakume ikertzaile hauen hautaketan, Ikerbasquek ekoizpen zientifikoko datuen azterketa bibliometrikoa egin du, Euskadiko ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak gogoan hartuz. Ebaluazio Batzordeak lehen aipatutako hiru maila horietan hautatutako 17 emakume ikertzaileren zerrenda hartu du oinarritzat eztabaidarako, eta hiru kategorietako emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handiaren isla, batzordearen esanetan.
Urteko aitorpenak
Ekimen hau Ikerbasqueren Berdintasun eta Aniztasun Planari atxikita antolatu da, izan ere, gizarte mailan berdintasunaren eta aniztasunaren erreferente izatea da planaren erronka, eta horretarako, emakume ikertzaileen artean urtero aintzatespenak banatzea aurreikusi du, beste hainbat ekintzaren artean.
Advanced: Mª José Sanz
Biologia Zientzietan doktoratu zen Valentziako Unibertsitatean, eta doktorego ondoko egonaldia egin zuen Arizona State Universityn. Kutsadura atrmosferikoak landaredian eragindako ondorioetan, karbono-zikloan, eta lurzoru nahiz ekosistemen arloan klima-aldaketari lotuta dauden politiken oinarri zientifikoetan trebatutako aditua da. CEAM Fundazioan ikertzaile ibili zen garaian, ikerketarekin batera, egonaldiak egin zituen Riversideko (AEB) US Forest Service delakoan, ISPRAko JRCan, Rio de Janeiroko Lorategi Botanikoan eta Penn State Universityn. 1992az geroztik, hainbat ikerketa-postu bete ditu CEAM Fundazioan (Valentzia), 2007tik 2011ra bitartean UNFCCCn (United Nations Framework Convention on Climate Change) lan egin zuen Bonnen, Official Senior bezala. 2011n Zaragozako Klima Aldaketari buruzko Ikerketa Institutuko zuzendaria izan zen. 2012tik 2015era bitartean, UNREDD (United Nations Collaborative Programme on Reducing Emissions from Deforestation and Forest Degradation) programa koordinatu zuen FAOn (Erroma). Lankidetzan jardun du nazioarteko hainbat erakunderekin: Munduko Bankua, Klimarako Funts Berdea, PNUMA, PNUD eta Garapenerako Banku Interamerikarra. 2007ko Bakearen Nobel saria jaso zuen Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Panelaren (IPCC) hainbat txosten lantzen lagundu du 2000. urteaz geroztik (txosten metodologiko guztiak, txosten berezi bat eta ebaluazio-txosten bat barne). 2016tik Ikerbasque Research Professor eta BC3ko Zuzendari Zientifikoa da. 2018an, Valentziako Generalitatearen Merezimendu Zientifikoaren Saria jaso zuen. 2023an IPCCko Mahaiko kide izendatu zuten Zazpigarren Ebaluazio Ziklorako 2023-2029.
Consolidator: Aran García-Lekue
Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan doktoratu zen (Europako Doktoregoa, 2003), Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Doktorego ondoko egonaldiak egin ditu Liverpooleko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Lawrence Berkeley National Laboratory (LBNL) delakoan, Berkeleyn (Estatu Batuak). 2007an, Donostia International Physics Centerren (DIPC) sartu zen, Gipuzkoa Fellows gisa, eta 2012an Ikerbasqueko ikertzaile bihurtu zen. Jakiundeko kidea da 2019tik. Nazioarteko elkarlan ugari ditu, eta Mercator-Fellows kategoriako ikertzailea izan da Alemaniako Kiel Unibertsitatean, eta ikertzaile gonbidatua Berkeleyko LBNLn eta Copenhagueko DTU-n. Lan handia egin du zientzia-dibulgazioaren arloan. Egun, DIPCko proiektu estrategikoen arloko zuzendaria da.
Starting: Amaia Arruabarrena
Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktoratu zen 2016an UPV/EHUn. Doktoregoa lortu ondoren, New Yorkera joan zen, minbiziaren aurkako ikerketako punta-puntako zentrotzat jotzen den Memorial Sloan Kettering Cancer Center (MSKCC) delakoan lan egiteko. 2020an, Euskal Herrira itzuli eta Minbiziaren eta Metabolismoaren Seinaleztapen Zelularreko laborategian sartu zen (CIC bioGUNE), Juan de la Cierva Incorporación deritzon beka batez finantzatuta. 2021ean, Ikerbasqueko Research Fellow bihurtu zen, La Caixa Retaining-eko Junior leader 2022an, eta Ramon y Cajal-eko ikertzaile 2021an. 2023an, L'Oreal-Unesco Saria jaso zuen. 2023an, ikertzaile nagusitzat finkatu zen UPV/EHUn, eta bertan, bularreko minbizian gertatzen den metabolismoaren eta erregulazio epigenetikoaren arteko konexioa aztertzen du.