B. Andrei Bernevig ikertzaileak 2023 EPS Europhysics Saria jaso du
Donostia International Physics Center-eko (DIPC) Ikerbasque irakasle bisitariak 2023 EPS Europhysics Saria jaso du material kuantiko topologiko berrien arloan egindako ekarpenengatik
Donostia International Physics Center-en (DIPC) Ikerbasque irakasle bisitaria eta Princetongo Unibertsitatean (AEB) Fisikako irakasle den Andrei Bernevig-ek EPS Europhysics Saria jaso du material kuantiko topologiko berriak sailkatzeko, iragartzeko eta aurkitzeko egin duen ekarpen garrantzitsuagatik. Gure ikertzaileetako batek sari entzutetsu hau jasotzen duen lehen aldia da.
EPS Europhysics Saria materia kondentsatuaren fisikaren alorreko Europako sari ospetsuenetako bat da. Saria 1975ean eman zen lehen aldiz, eta 40. edizioa da hau. Pertsona batek edo gehiagok materia kondentsatuaren fisikaren arloan egindako aurkikuntza, aurrerapen edo ekarpen nabarmen eta identifikagarri bat aintzatesteko ematen da saria, ekarpen horrek hautaketa-batzordearen iritziz duen bikaintasun zientifikoa aitortzeko.
B. Andrei Bernevig-en arabera, “sari honek aintzatesten duen ikerketa egitea ezinezkoa zatekeen nazioarteko erakundeen benetako lankidetzarik gabe; izan ere, Princeton, DIPC, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), École Normale Supérieure eta Max Planck Institutuko zientzialariek lankidetza estuan jardun dute hamarkada batean baino luzaroagoan. Ikerketan zehar, metodo analitikoak garatu behar izan ziren, boligrafo eta paperarekin egitekoak, elektroien uhin-funtzio kuantikoen topologia sailkatzeko eta iragartzeko, naturako 1651 simetria-taldeetarako algoritmoetan inplementatzeko, eta gutxi gorabehera 100.000 materialen zenbaki topologikoak iragartzeko. Hemen ikus daitezke horiek guztiak: https://www.topologicalquantumchemistry.com/.”.
“Bai Euskal Herriko Unibertsitateko Luis Elcoro eta Mois Arroyoren lana eta bai DIPCko Maia Vergniory-ren lana ezinbestekoak izan dira ikerketa teorikoko programa honetan, Princetongo Barry Bradlyn, Jennifer Cano eta Zhijun Wang, École Normale Supérieure-ko Nicolas Regnault eta Max Planck-eko Yuanfeng Xu-ren lanarekin batera”, erantsi du Bernevig-ek. Are gehiago, “gure lankidetza hazten doa urtez urte, eta DIPCrekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) talde esperimentalarekin (Santiago Blanco Canosa) eta talde teorikoekin (Ion Errea eta Fernando de Juan) eremu berrietan ari gara lanean, hala nola Kagome metalen, karga-dentsitateko uhinen eta elektroi-fonoi akoplamenduaren arloetan. Princeton, DIPC eta beste erakundeetako ikertzaileak hasieratik murgildu dira buru-belarri lankidetza honetan, eta horrek ahalbidetu du hain programa handia aurrera eraman ahal izatea. Horrek argi erakusten du behar bezala bultzatutako nazioarteko lankidetzekin zer lor daitekeen. Aplikazioari dagokionez, Europhysics Sariaren beste saritua Max Planck-eko Claudia Felser izan da, eta hura ere aktiboki ari da DIPCrekin elkarlanean, DIPCko Santiago Blanco Canosa Kagome metalei buruz egiten ari den lan esperimentalerako laginak hazten eta hornitzen”.
Materia kondentsatuaren fisikako gairik gorienetako bat topologia da gaur egun, eta, bereziki, propietateak topologiaren araberakoak dituzten materialak. Arlo horretan, taldeen kontsiderazio teoriko eta matematikoekin ondoriozta daitezke diseinu-arau unibertsalak. Bernevig nazioarteko liderra da arlo horretan, eta diseinu-arau orokorrak garatzearen arduraduna da. Arau horiei esker, milaka konposatu topologiko berri iragarri dira, eta haietako asko esperimentalki gauzatu ahal izan dira. Material kuantiko berriak aurkitzea ezinbestekoa da gaur egungo aplikazio askotan aurrera egiteko: konputazio kuantikoa, katalisia, termoelektrizitatea, supereroaleak eta detekzioa, besteak beste. Material kuantikoen mota berriak aurkitu dira isolatzaileetan eta erdimetaletan, eta haien propietateak topologia ez-tribialaren kontzeptu matematikoaren bidez indexatu daitezke.
Nerabea zela Nazioarteko Fisikako Olinpiadetan urrea eta zilarra irabazi ondoren, Bernevig Stanfordeko Unibertsitatean graduatu zen 2001ean; han, Bob Laughlin-en gidaritzapean egin zuen lan, eta fisikako lizentzia eta matematikako masterra eskuratu zituen. Stanfordeko Unibertsitatean doktoretza egin zuen Shoucheng Zhang-en zuzendaritzapean, eta doktoratu ondoko ikertzaile gisa jarraitu zuen Princetongo Unibertsitateko Fisika Teorikoko Zentroan; gaur egun, irakaslea da bertan. Materiaren egoera topologikoei buruzko lana HgTe-aren spinen Hall egoera kuantikoen hasierako iragarpenarekin hasi zen. Elektroien uhin-funtzioaren printzipio topologikoetatik abiatuta material kuantikoak sailkatzeari buruzko bere lan teorikoa garatzeko, hamarkada batetik gora eman du elkarlanean Princetongo doktoratu ondoko ikertzaile- eta ikasle-talde batekin, École Normale Supérieure-ko irakasle batekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaile seniorren eta juniorren funtsezko talde batekin. Horrez gain, ezinbestekoa izan da Donostia International Physics Centerren egindako lana, non Ikerbasque irakasle bisitaria baita.