Bizitza estralurtarra eta Pepper robot soziala protagonistak “Ikastetxeak Belodromoan” saioan
Milaka neska-mutilek Belodromoa bete dute “Alan Giza Antena” ikusteko, Donostia Zinemaldiko Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren barruan proiektatutako bizitza estralurtarrari buruzko filma. Naiara Barrado astronomoaren parte-hartze bereziari eta Pepper robot sozialaren eta Aatxe lagun berriaren itzulerari esker, ekitaldiak txikienak liluratu ditu.
Donostia Zinemaldiaren astean zehar, 90 eskolatako 6 eta 11 urte bitarteko 13000 ikasle baino gehiagok Belodromoan egingo diren goizeko saioez gozatuko dute. Zinema eta Zientziaren arteko bategite hau txikientzat benetako ikuskizun bihurtu da. Belodromoko pantaila erraldoian “Alan giza antena” proiektatuko da egunero, adiskidetasunari eta bizitza estralurtarrari buruzko pelikula, eta, horren aurretik, Belodromoa behatoki astronomiko inprobisatu bilakatuko da. Hori guztia, Pepper robot sozialarekin batera biziko dute. Aurten, Aatxe lagun berriarekin itzuli da gainera, eta berriro ere, gaztetxoak guztiz liluratu du.
Donostia. Zinema hiria, zientzia hiria lelopean, jarduera hau Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatua da 2019. urte geroztik, zientziaren irudi erakargarria transmititzeko eta Donostiak ikerketa zientifikoarekiko duen atxikimendu handia ikusarazteko.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Naiara Barrado astronomoa da edizio berri honetako zientzialari gonbidatua. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea da, eta Jupiterren dinamika atmosferikoa aztertzea du. Horretarako, Hubble teleskopio espaziala eta Cassini edo Juno zundek misio espazialetan bildutako datuak erabiltzen ditu, baita Lurrean kokatutako hainbat teleskopiorekin egindako behaketak ere.
Naiararekin batera, Belodromoak unibertsoan zehar bidaiatu du, bizitza estralurtarraren existentziari buruzko galdera handiari erantzuten saiatzeko. Astronomoaren arabera, “ez dakigu Lurraz haratago bizitzarik dagoen, baina Marten edota Jupiterren ilargietan bizimodu primitiboen bila gabiltza. Eguzki-sistematik kanpo, gurearen antzeko planeta batean bizitza garatua aurkitzea posible da, probabilitatea txikia bada ere. Mugarri zientifiko ikaragarria izango litzateke”. Naiararen hitzek bat egin dute kosmosaren handitasun amaiezinaren irudiekin, eta une batez isiltasun zirraragarria sortu da haurren artean.
Beste sorpresetako bat Pepper robot sozial jada “ospetsuaren” itzulera izan da. Aurten, ekitaldiko anfitrioia izan da Ugaitz Alegriarekin batera, eta bere lagun berria aurkeztu digu, Aatxe; akrobazia erakustaldi aparta egin duen lau hankako robota. Horretarako, Elena Lazkano, Igor Rodriguez, Unai Zabala eta Eneko Atxa Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa taldeko (RSAIT) kideen ezinbesteko laguntza izan dute. Festa borobiltzeko, Pepper eta Aatxe dantzan aritu dira ikus-entzule amorratuekin batera.
Aurtengo Ikastetxeak Belodromoan ekitaldiaren kartelak haurrei eta zientziak pizten duen harridurari omenaldia egin dio. Kartela Ane Arzelus ilustratzaile donostiarrak eta Arteuparte diseinu grafikoak egin dute.