Dantzaren kristalizazioa
Donostia International Physics Centerrek (DIPC) Dantzaren kristalizazioa aurkeztu du, kristaletan inspiratuz zientzia eta flamenkoa batzen dituen ikuskizun berritzailea. Juan Manuel García-Ruiz zientzialari ezagunaren eta 2023an Max Saria irabazi zuen Vanesa Aibar dantzari eta koreografoaren lankidetza du abiapuntu.

Dantzaren kristalizazioa ekainaren 12an estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Donostia International Physics Centerren (DIPC) dibulgazio-programaren barruan. Proposamen original hau Juan Manuel Garcia-Ruiz zientzialari ezagunaren eta Vanesa Aibar dantzari eta koreografoaren arteko topaketatik sortu da. Juan Manuel García-Ruiz Ikerbasque irakaslea da gaur egun DIPCn, eta kristalografiaren eta kristalizazioaren azterketan erreferente da mundu mailan. Vanesa Aibar, berriz, flamenkoaren berritzaileetako bat da, eta 2023an dantza ikuskizun onenaren Max Saria jaso zuen. Biak elkarrizketan arituko dira agertokian, hizpidetzat hartuta kristalekin dugun harremana eta historian zehar kristalek arteetan izan duten eragina.
Kristalek antzina-antzinatik liluratu dituzte gizakiak. Frogatuta dago hominidoek kolekzionatutako lehen objektuak kuartzozko eta kaltzitazko kristalak izan zirela; ziur aski, kristalon propietate optiko eta forma geometriko bereziengatik sentitu zuten objektu horiekiko erakarpena. XIX. mendearen amaierako aurrerapen zientifikoei esker, kristalen erraiak behatu ahal izan ziren, eta, maila molekularrean, haien izaeraren azpian zer dagoen aurkitu zen: materiaren antolamendua, espazioan infinituki hedatzen dena. Ordenaren, simetrien eta harmoniaren mundu horrek zirrara handia eragin zuen garaiko pentsamenduan. Sorkuntza artistikorako eragin eta inspirazio bihurtu zen, eta, besteak beste, arkitekturan, pinturan eta dantzan islatu zen.
Dantzaren kristalizazioa esperientzia eszeniko berezia da, zeinean zientziak eta arteak bat egiten baitute kristalen edertasunari eta esanahiari buruz dituzten ikuspegi osagarriak emateko. Hitzak, irudiak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituen eszenaratzearen bidez, ikuskizunak bide ematen dio pentsamendu zientifikoaren eta gorputz-adierazpenaren arteko elkarrizketari. Horrek guztiak María Marín gitarra-jotzaile eta kantariaren musika originala izango du soinu-bandatzat. Musika horrek bere sonoritate zehatz bezain iradokitzailearekin bilduko du ikuslea.
Proiektuak erakunde hauen laguntza jaso du: Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (Fecyt); Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC); DIPC; eta INAEM-Kultura Ministerioa.
Juan Manuel Garcia-Ruiz zientzialaria (Sevilla, 1953) Ikerbasque irakaslea da DIPCn eta ad honorem ikerketa-irakaslea CSICen. Kristalizazio-fenomenoak ikertzen ditu, besteak beste, eremu hauetan: kristal erraldoien eraketa, bizitzaren jatorrian eragina duten egitura biologikoen eta geologikoen autoantolaketa, bizitza primitiboaren detekzioa eta material berrien fabrikazioa. Asmo handiko ERC-Synergy "Protos" proiektu europarra zuzentzen du, eta kultura zientifikoaren sustapenarekin eta artearen eta zientziaren arteko trukearekin konprometitutako kultura-akuilatzailea da.
Vanesa Aibar mugimenduaren arteetan lan egiten duen artista da. Horretarako, flamenkoa hartzen du abiapuntutzat. Eszenarako egin dituen sorkuntzak errebelazio bat izan dira flamenko garaikidearen munduan, begirada berritzaile batekin uztartu baitu tradizioaz duen ezagutza sakona. Eszenarako sortu berri duen La Reina del Metal lanak 2023ko Dantza Ikuskizun Onenaren Max Saria jaso du. Herbehereetako Het Parool aldizkari ospetsuak Amsterdamgo 2023ko showrik onenetakoen artean sailkatu du lan hori. Beste lan hauek ere sinatu ditu: “Sierpe”, “Liminal”, “Mujer en Azul” eta “Áspid”. Gainera, aliantzak eta kolaborazioak gauzatu ditu artista handiekin, hala nola Carmen Linares, Andrés Marín eta Blanca Li-rekin.
María Marín, Utreran jaiotako abeslari eta gitarrista da. Flamenkoaren ikuspegi irekia duen artista honek Herbehereetan ikasi zuen gitarra klasikoa. Jazz, musika klasiko eta munduko musiken proiektuetan parte hartu du nazioarteko artista handiekin, hala nola Carles Benavent, Tomatito, Antonio Serrano eta Javier Colinarekin.