DIPCk Radio San Sebastián irratiaren 2023ko Ikerketa Bikaintasun Saria irabazi du
Radio San Sebastián Sarien seigarren edizioa, azaroaren 23an ospatu zen Kursaalean egin zen ekitaldian. Bertan, beren eremuetan erreferente diren hainbat pertsona, enpresa eta erakundeen lana aitortu zen.
Bikaintasunaren Radio San Sebastián Saria jaso du aurten DIPCk, Gipuzkoako beste erakunde eta pertsona batzuekin batera. Sari-banaketan Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza, Donostiako alkate Eneko Goia eta SER kateko hainbat pertsona izan ziren.
2023. edizioko irabazleak, kategorien arabera, hauek izan dira:
- Ikerketa: Donostia International Physics Center (DIPC)
Donostia International Physics Center zentroari eman zitzaion Ikerketa kategoriako Bikaintasunaren Radio San Sebastián Saria, fisikaren arloko ikerketa zientifikoa sustatzen eta garatzen egindako lan bikainagatik. Baita komunikazioa bultzatzeko eta gizarteari kultura zientifikoa transmititzeko, era guztietako dibulgazio-jarduerak antolatzeagatik, bereziki Passion for Knowledge zientzia-jaialdia, joan den urrian hainbat Nobel saridun bildu baitziren Donostian. Radio San Sebastiánen arabera, “DIPC ezagutzarako eta lankidetza globalerako itsasargi bihurtu da. Bikaintasunarekin duen konpromisoari eta munduko zientzialari hoberenak erakartzeko duen gaitasunari esker, merezitako saria jaso du”.
- Enpresa: Salto Systems
Salto Systems-ek Enpresa Bikaintasun Radio San Sebastián Saria jaso zuen, Enpresa kategorian, segurtasun elektronikoaren arloan etengabeko berrikuntza eta lidergoa izateagatik; izan ere, etorkizunean, sarbideen kontrolerako, aurpegi-onarpena eta biometria izango dira nagusi.
- Kirola: Ion Izagirre, txirrindularia.
Ion Izagirrek Radio San Sebastián Bikaintasunaren Saria jaso zuen Kirol kategorian, txirrindularitzan egindako ibilbide nabarmenagatik. Aurtengo Frantziako Tourreko 12. etapa irabazi zuen, Roanne eta Belleville-en-Beajolais arteko etapa hain zuzen. Aurtengo Tourra berezia izan da, ‘Grand Depart’ Euskaditik abiatu baitzen.
- Musika: Landarbaso Abesbatza.
- Artea eta Kultura: Jaione Camborda, Donostiako zinemagilea.
- Inpaktu soziala: Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Elene Lete, Real Sociedad Futbol taldeko jokalariak.
- Gastronomia: Idiazabal Jatorrizko Deitura Babestua.
- Euskara: Egan literatura-aldizkaria.
- Humanitate eta Komunikazioko Iñaki Gabilondo saria: Martxelo Otamendi.
- 'Hay otra forma' saria: Verdini Dantza Taldea.
Sari honek Laboral Kutxaren babesa du, eta Radio San Sebastiánen ikusentzuleek ematen dute. Sari honen bidez, gizartea hobetzen duten pertsonak, enpresak eta erakundeak aitortu eta eskerrak eman nahi zaizkie. Aurten, "Hay otra forma" saria eman diote Verdini Dantza Taldeari. Dantza-artearen bidez mugak eta aurreritziak gainditzen dituzten Down sindromea duten dantzariek osatzen dute dantza-elkartea.