DIPCko zenbait zientzialari Unibertso Iluna aztertuko duen EUCLID partzuergoko kide dira

2023 Uzt 4

Uztailaren 1ean EUCLID espazio-teleskopioak kanpo-espaziora bidaia hasi zuen helburu garrantzitsu batekin: gure unibertsoaren jatorriari eta helmugari buruzko datu berriak biltzea. Hurrengo 6 urteetan, egitura kosmikoaren hiru dimentsioko mapa bat jasoko du, Lurretik 10.000 milioi argi-urtera arteko distantziara kokatutako galaxiak erabiliz. Euclid Partzuergoko ikertzaileek —DIPCko zientzialariak barne— espero dute sare kosmikoko erregistro bakar horrek materiaren eta energia ilunaren izaerari eta grabitatearen legeari buruzko funtsezko alderdiak azaltzea

DIPCko zenbait zientzialari Unibertso Iluna aztertuko duen EUCLID partzuergoko kide dira

Materia ilunak eta energia ilunak batera osatzen dute Unibertsoaren ia %95. Haatik, oso gutxi dakigu haiei buruz. Horregatik, zientziaren misterio handienetakotzat hartzen dira. EUCLID sateliteak, duela gutxi jaurtia, unibertso ilunaren izaera argitzen lagun lezake.

Materia iluna argia igortzen, xurgatzen eta islatzen ez duen materia mota bat da. Ikusezina izan arren, jakin badakigu hor egon behar duela: galaxien antolamendu behatua ezin da azaldu Einsteinen erlatibitate orokorraren bidez, ikusten duguna baino masa handiagoa ez bada. Aldiz, uste da energia ilunak eragiten duela Unibertsoaren hedapen azeleratua. Hala ere, ez dugu zuzenean detektatu, ez eta kosmosaren beste zati batzuetan dituen ondorioak ikusi ere.

Materia iluna aztertzeko modu bat indar grabitatorioaren bidez beste materia- eta argi-forma batzuekin duen elkarreragina da. Bestalde, energia iluna azter daiteke kosmosaren hedapen-erritmoa eta galaxien banaketa espaziala kontu handiz neurtuz. EUCLID neurketa zehatz horiek egiten dituen lehen satelite espaziala da.Europako Espazio Agentziak (ESA) eta Space-X-ek arrakastaz jaurti zuten uztailaren 1ean EUCLID espazio-teleskopioa. EUCLID ontzian galaxietako irudiak zehaztasun handiz lor ditzakeen tresna bat dago, materia ilunaren grabitateak eragindako deformazioa detektatzeko. Gainera, teleskopioak denbora kosmikoan ehunka milioi galaxiatara dagoen distantzia neurtzeko diseinatutako beste tresna bat du.

Europako, Estatu Batuetako, Kanadako eta Japoniako 100 institututako 2.600 ikertzaile baino gehiagok osatzen dute ESAko EUCLID partzuergoa. Gai ugaritan lan egiten dute, helburu zientifikoen definiziotik eta neurtzeko tresnen eraikuntzatik datuen azterketa eta ebaluaziora. “DIPCn eredu konputazionalak sortzen ari gara EUCLIDen neurketak interpretatzen laguntzeko, eta, beraz, grabitatearen teoriak, funtsezko partikulen presentzia, hala nola neutrinoena, eta unibertsoaren bilakaera eta etorkizuna zehazten duten parametroak bereizten laguntzeko”, dio Raul Angulo DIPCko Ikerbasque ikertzaileak, zeinak unibertso birtualak sortzen dituen superordenagailuen bidez.

Jaurti eta hilabetera, EUCLID espazio-teleskopioa helmugara iritsiko da. Unibertsoko neurketa zientifikoek sei urte iraungo dute, eta aurreikusten da astronomoei eta kosmologoei gure unibertsoaren ikuspegi bakarra ematea.

Euclid Partzuergoa, unibertso ilunaren kartografia egiteko misio espaziala

Euclid Partzuergoa (CE) fisika teorikoan, partikulen fisikan, astrofisikan eta astronomia espazialean diharduten ikertzaile-taldeek osatzen dute, baita ikerketa-laborategi publikoetan lan egiten duten eta Euclid misioan laguntzen duten ingeniari, teknikari eta kudeaketa- eta administrazio-langileek ere. Europako Espazio Agentziarekin (ESA) eta industria aerospazialarekin batera Euclid lankidetzaren parte dira.

Picture2_Cosmos_group.JPG
DIPCko Kosmologia Konputazionala ikerketa-taldea