DIPCren "STROM - Astronomia inklusiboa" erakusketa Iruñeko Planetarioan inauguratu da gaur
DIPCk Passion for Knowledge jaialdiaren baitan sortutako "STROM -Astronomia eskusiboa" erakusketak kosmosa esploratzer gonbidatzen du ikuslea, ukimen, soinu eta ikus-entzunezko esperientzien bidez.
Gaur goizean, Iruñeko Planetarioan, "STROM - Astronomia inklusiboa" erakusketa aurkeztu dute, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) sortutako erakusketa multisentsorial eta inklusiboa. Passion for Knowledge jaialdia dela-eta antolatu den erakusketa hau Tabakaleran (Donostia) estreinatu zen, eta Iruñera iritsi da orain.
STROM erakusketa gonbita luzatu nahi digu ukimenaren, soinuen eta ikus-entzunezkoen bidez kosmosa esploratzera, herritar guztiei bermatu nahi dielako, inolako oztoporik gabe, zientziara gerturatzeko aukera.
Inaugurazio-ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehengo, aurkezpen bat egin dute erakusketa dagoen agertoki berean, hizlari hauekin: Paula Noya, NICDOko Kultura Azpiegituretako zuzendaria; Patricia Fanlo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburua; Pedro Miguel Etxenike, DIPCko lehendakari eta UPV/EHUko katedradun emeritua, eta Izaskun Azcona, La Caixa Fundazioaren Nafarroako ordezkaria.
NICDOko Kultura Azpiegituretako zuzendari Paula Noya izan da hitz egiten lehena. Ongietorriko hitz batzuk esan ondoren, STROMen tankerako proiektuen garrantzia nabarmendu du. “Iruñeko Planetarioan horrelako erakusketa bat izatea oso garrantzitsua da, gure balioekin lerrokatuta baitago: hezkuntzarekin, zientziaren dibulgazioarekin eta aukera-berdintasuna sustatzearekin. Ez daude STROM bezalako erakusketa asko, inklusiboak, zientzia oztoporik gabe babestu eta herritar guztiengana gerturatzen dutenak”.
Ondoren, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburu Patricia Fanloren txanda izan da, zeinak azpimarratu baitu zientziak eta berrikuntzak zeregin garrantzitsua dutela gizarteak aurrera egin dezan.
“Nafarroako Gobernutik neska eta mutil guztiengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa txikitatik pizteko diseinatutako programak bultzatu nahi ditugu. Iruñeko Planetarioan aurkezten ari garen STROM astronomia-erakusketak STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) bokazioak sustatzen ditu hainbat modutan. Ez da soilik behaketa gune bat, tailerrak, hitzaldiak eta jarduera praktikoak ere antolatzen ditu bertaratzen direnek zuzenean esperimentatu, galdetu eta ikasteko aukera izan dezaten. Esperientzia horiek STEM diziplinekin duten lotura indartzen dute, eta esparru zientifiko-teknologikoan etorkizuneko profesional gisa ikustea ahalbidetzen diete”.
Hizketan hirugarrena, La Caixa Fundazioaren Nafarroako ordezkari Izaskun Azcona izan da eta amaiera eman dio hitzaldi-errondari, dibulgazio inklusiboaren balioa eta garrantzia eta honelako proiektuen eragin soziala nabarmenduz: “Urte asko daramatzagu Iruñeko Planetarioarekin lanean, eta La Caixa Fundazioan hezkuntzaren botere eraldatzailearekin konprometituta gaude Iruñeko Planetarioarekin Izar Eskola programan dugun elkarlanak erakusten duen bezala. Aliantza honek interes zientifikoa, jakin-mina eta aukera-berdintasuna sustatzen ditu, zientzia, dibulgazioa eta hezkuntza uztartuz. Planetarioekin partekatzen dugu gizartean eragin handia duten eta gizaki garaikidea kezkatzen duten gaiak landuko dituen hausnarketa kritikorako espazio bat sortzeko helburua, zientzia, dibulgazioa eta hezkuntza uztartzen dituen zeharkako begirada batekin. Mila esker aunitz”, bukatu du.
Azkenik, DIPCko presidente eta UPV/EHUko katedradun emeritu Pedro Miguel Etxenikek agerian utzi du erakusketa Iruñeko Planetarioan izateagatik duen poza, eta zentro honekiko bere maitasuna nabarmendu du: "Zientzia gizarte ilustratu eta demokratikoagoa lortzeko hazi eraldatzaile funtsezkoa da. Eta astronomia, zehazki, bitarteko aparta da jakin-min zientifikoa pizteko, batez ere belaunaldi berrietan. STROM proiektuak helburu horiek guztiak betetzen ditu, eta, gainera, askotariko gaitasunak dituzten pertsonak integratzeko ardura hartzen du, DIPCn zein Iruñeko Planetarioan aktiboki geure egitea erabaki dugun erantzukizun bat baita".
Arizmendi Ikastolako ikasleekin solasaldia
Hitzaldien ondoren, solasaldi bat egin dute Ibn´Ezra aretoan Arizmendi Ikastolako ikasleekin. Ikasleek Planetarioa eta erakusketa berria bisitatu dute Izarren Eskolaren arloan, eta haien iritziak trukatu ahal izan dituzte Pedro Miguel Etxenike eta Silvia Bonoli DIPCko astrofisikari eta Ikerbasque ikertzaile eta STROM proiektuko komisario zientifikoarekin, Bonolik ere parte hartu baitu Planetarioko astrofisikari Iñaki Ordoñezek aurkezpenaren harira gidatu duen hizketaldian.
Ibilbide irisgarria kosmosean zehar
"STROM - Astronomia inklusiboa" erakusketa nazioarteko kolaborazio baten emaitza da, astronomia inklusiboan aditu diren hainbat latitudetako zenbait erakunde bildu baititu. Besteak beste, UPV/EHU, Nazioarteko Astronomia Batasuna, Magallaes Teleskopio Erraldoia, Medellíngo Planetarioa eta Txileko Diego Portales Unibertsitatea.
Baterako ahalegin horri esker, DIPCk errealitate bihurtu du irisgarritasun-esperientzia multisentsorial eta hezitzailea bermatzen duen proiektu hau, eta herritar guztiengana hurbildu du kosmosaren ezagutza. Zientzia irisgarria, oztoporik gabea eta ororentzako inspiratzailea izan dadin Planetarioak hartu duen konpromisoa indartu du erakusketak Iruñeko Planetariora iritsita.
Erakusketa ezagutzera gerturatuko direnek bidaia multisentsoriala egin ahal izango dute kosmosean zehar, hainbat esperientzia sentsorial eskaintzen dituzten eremu bat baino gehiago aurkituko baitituzte. Haietan, zenbait elementu daude erakusgai; besteak beste, ukimen-panel batzuen bidez, galaxien eta konstelazioen formak ukitu ahal izango dituzte hatzekin, Unibertsoko soinuak ezagutzeko parada izango dute —hala nola Eguzkiaren jarduera entzun ahal izango dute—, eta zulo beltz bat nola sortzen den eta beste hainbat prozesu liluragarri ere ezagutzeko aukera izango dute.
Laburbilduz, proposamen berritzaile honek aukera ematen du Unibertsoaren handitasuna modu inklusibo eta barneratzailean ezagutzeko, zientzia pertsona guztien esku egon dadin bermatuz, haien gaitasunak edonolakoak direla ere.
Sarrerak Planetarioaren webgunean eskuratu daitezke baita instalazioaren leihatilan ere.
Sarrera doakoa da, eta bisita gidatuak 3 euro balio du. Hala ere, lau laguneko taldeentzako deskontuak daude, gidaren laguntzaz 10 euroan gozatu ahal izango baitute edukiaz. "STROM - Astronomia inklusiboa" erakusketaren helburua irisgarritasun unibertsala bermatzea da, eta, horretarako, bisita gidatua duen sarrera doakoa izango da dibertsitate funtzionaleko pertsonentzat, bete-betean gozatu dezaten esperientzia.