Donostia urrez blai Gold 2025 Mundu Konferentzian
CIC biomaGUNEk eta DIPCk antolatutako kongresu zientifikoan urrearen goi-teknologiako aplikaziorik puntakoenak izango dira aztergai, atzotik maiatzaren 14ra arte. Donostiako Kursaalean biomedikuntzaren, nanofotonikaren, katalisiaren eta abarren ikerkuntzako nazioarteko izen handiko pertsonak bilduko dira

Urreari buruzko Gold 2025 mundu-konferentzia, Donostiako CIC biomaGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroek antolatua, Donostiako Kursaal Jauregian egingo da, maiatzaren 11tik 14ra bitartean. Luis Liz Marzán (CIC biomaGUNE) eta Javier Aizpurua (DIPC) Ikerbasque irakasleek zuzentzen dute konferentzia, non urreari lotutako zientziaren eta teknologiaren arlo guztien ikuspegi osoa eskainiko baitzaie 350 parte-hartzaile baino gehiagori.
Urrea izan da antzinatik arreta gehien jaso duen elementu kimikoetako bat; gaur egun, funtsezko osagaia da goi-teknologiako materialetan eta sakon ikertzen da zenbait arlotan. Gold 2025 kongresuak nazioarteko izen handiko adituak erakartzea lortu du. Aditu horiek beren emaitza zientifikoak ezagutaraziko dituzte, eta hainbat arlotako alderdirik nabarmenenei eta lorpenik berrienei buruzko eztabaida zuzenduko dute.
Bai Aizpuruak eta bai Liz Marzánek konferentziaren nazioartekotasuna eta hizlarien maila handia azpimarratu dituzte. “Kontinente guztietako talentua erakartzea lortu dugu”, eta, era berean, gaineratu dute horrelako ekitaldiek garrantzi berezia hartzen dutela “garai hauetan, murrizketak baitaude eta kontinenteen arteko informazio-trukea gero eta zailagoa bihurtzen ari baita”.
Hitzaldian, bereziki azpimarratuko dira interes teknologikoko egungo hainbat arlorekin lotuta dauden kimika eta fisika: katalisia, aplikazio biomedikoak (diagnostikoa eta terapia), nanopartikulen sintesia eta karakterizazioa, plasmonika, optika eta fotonika, elektronika, organometalika, metal preziatuen arazketa eta birziklatzea, ingurumeneko aplikazioak, energiaren ekoizpena eta bihurketa, adimen artifiziala, etab.
Biltzarrak zenbait erakunderen babesa jaso du; besteak beste, Donostia Sustapena, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta World Gold Council.
Donostia, urre-nanopartikulak ikertzeko gunea
Egia esan, ez da kasualitatea Gold 2025 mundu-konferentzia Donostian egitea. Gold kongresuak historia luzea du eta hasiera batean Munduko Urrearen Kontseiluak (World Gold Council) babestu zuen. Kongresu-sorta hau koordinatzen duen nazioarteko batzordeak 2025eko Golderako hautagai gisa Donostia aurkeztea proposatu zuen, “Donostiako CIC biomaGUNE eta DIPC zentroetan katalisiaren, nanofotonikaren eta urre-nanopartikulen sintesiaren arloetan lortutako ikerketa-lanen eta -emaitzen aitorpen gisa”, Luis Liz Marzán irakasleak adierazi duenez. “Urre-nanopartikulei buruz Donostian egiten diren azterlanak eta aplikazioak oso errotuta daude eta oso maila handiko oinarri zientifikoa dute”, dio Javier Aizpurua irakasleak.
Luis Liz Marzán irakaslea CIC biomaGUNEko Bionanoplasmonikako Laborategiko burua, Vigoko Unibertsitateko katedraduna eta CINBIOko eta CIBER-BBNko ikertzaile nagusia da, eta aitzindaria da nanopartikula plasmonikoen sintesian eta aplikazioan; nanopartikula horiek oso propietate interesgarriak dituzte beren elektroiek argiarekin duten interakzioari esker. Azken aldian egindako lanaren zati handi bat nanopartikula horien aplikazio medikoekin lotua dago, hala nola farmakoak modu kontrolatuan ematea eta gaixotasunak goiz detektatzea; baina, halaber, laborategian fotonika (nanopartikulek argiarekin duten interakzioarekin lotua) eta katalisia (katalizatzaile baten aurrean erreakzio baten abiadura handitzea) ere aztertzen dituzte.
Javier Aizpurua irakaslea — BasQ Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoa DIPCn, Nanofotonikako Teoria taldeko burua eta UPV/EHUko ohorezko ikertzailea— taldeko burua eta UPV/EHUko ohorezko ikertzailea— argiaren eta materiaren arteko interakzioa nanoeskalan aztertzen ari da, arreta berezia jarriz nanoantena metalikoen erantzun optikoan eta nanoantena horien efektu kuantikoetan. Nanofotonikako erreferentziazko ikertzaileetako bat da; diziplina hori fotonikaren adar bat da, argia difrakzioaren mugatik behera nola eraman eta kontrolatu garatzen duena.