'Elkarrizketa' obraren bertsio digitala doan deskarga daiteke bere webgune berrian
'Elkarrizketa' Luisa Etxenike idazleak eta Gustavo Ariel Schwartz fisikari eta idazleak diziplinarteko elkarlan berritzailean sortutako antzezlana da. Antzerki lan hau DIPCren Mestizajes programaren baitan garatu da. Idatzizko bertsioa, formatu digitalean, doan deskargatzeko aukera dago bere webgune berrian

Zientziaren alde gizatiarrena taularatzen duen antzezlan honen bertsio digitala doan deskargatzeko aukera eskaintzen du Elkarrizketa obraren webgune berriak. Gaztelaniazko bertsioa esteka honetan deskarga daiteke, eta ingelesezkoa berriz hemen dago eskuragarri. Euskarazko bertsioa lantzen ari dira eta laster webgune berean egongo da eskuragarri.
Ibilbide zientifikoaren gailurrean dagoen zientzialari ospetsu baten eta zientzia-kazetari probokatzaile baten arteko topaketa gisa planteatuta, Elkarrizketa antzezlana eztabaida sutsu gisa eraikitzen da gaurkotasun handiko hainbat gairen inguruan, hala nola, ikerketa zientifikoaren balioa eta erantzukizuna, eta gizartearekin eta bizitza publikoarekin duen harremana.
Aspirazio eta gatazka pertsonal eta moraletan errotuta, Elkarrizketa obrak erakusten duen harreman honek XX. mendeko bi zientzialari garrantzitsuen, Niels Bohr daniarraren eta Werner Heisenberg alemaniarraren artekoa dakar gogora esplizituki, 1941ean Kopenhagen izandako elkarrizketa ospetsuaren ondoren bapatean amaitu zena.
Elkarrizketa Luisa Etxenike idazleak eta Gustavo Ariel Schwartz fisikari eta idazleak DIPCren Mestizajes programaren baitan elkarrekin idatzitako antzezlana da. 2013an estreinatu zen, Victoria Eugenia Antzokian, Donostian, eta gero Bilbaon, Vitoria-Gasteizen eta Iruñean antzeztu zen, DIPCk antolatutako 2013 urteko Passion for Knowledge Nazioarteko Jaialdiaren testuinguruan.