Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketak (ENEF) geldialdia egin du Donostian

2025 Uzt 23

Parte-hartzaileek tokiko ekosistema zientifikoaren punta-puntako lau zentroren ikerketa-lana ezagutu dute: CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea (EHU).

Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketak (ENEF) geldialdia egin du Donostian

Diziplina hori ikasten duten Espainia osoko gazteak biltzen dituen urteko ekitaldirik handiena da Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketa (ENEF), eta Bilbon egingo da aurten astebetez. Programaren barruan, 170 ikasle baino gehiagok bisitatu dituzte, uztailaren 23an, CIC nanoGUNE, CFM, DIPC eta EHUko Kimika Fakultatea.

Jardunaldian, Espainia osotik etorritako 170 ikaslek baino gehiagok zuzenean ezagutu dute euskal ekosistema zientifikoko lau zentro horiek, bakoitzak bere eremuan, egiten duten lana. Horretarako, zentroetako ikertzaileekin iritziak trukatu dituzte, eta estatuko gune zientifiko aktiboenetako batek eskaintzen dituen aukera profesional eta prestakuntzakoen berri eman diete. Gainera, Donostian egin den jardunaldiaren programazioaren barruan, teknologia kuantikoei buruzko mahai-inguru bat egin da unibertsitate-komunitateari irekia.

Espainiako Fisikako Errege Elkarteko (RSEF) Ikasle Taldeak antolatzen du ENEF, Espainiako fisikako ikasle guztiak elkartu, Espainia mailan zein nazioartean aukera berriak eskaini, eta zientzia horren irakaskuntza eta dibulgazioa bultzatzeko. Topaketaren helburu nagusia parte-hartzaile bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien indartzea da, eta, horretarako, haien hazkunde pertsonala eta profesionala sustatuko da, hitzaldien, tailerren, lehiaketen, enpresa-azoken, laborategietarako bisiten eta gazteen eta zientzia eta teknologiaren esparruko eragileen arteko konexio-jardueren bidez.

“Fisikaren arloan erreferentziazko zentroak bisitatzeak aukera ematen die ikasleei gaur, hemen eta orain egiten den zientziarekin konektatzeko. Ezagutza akademikoaz harago, halako esperientziek aukera ematen dute bide profesional posibleak irudikatzeko eta grina zientifiko berriak sustatzeko. Ez da egunero izaten fisikaren abangoardian dauden ikertzaileekin hitz egiteko aukera. Jende askorentzat, esperientzia hau inflexio-puntu bat izaten da beren bokazio zientifikoan”, gaineratu dute antolatzaileek.