Euclid teleskopioaren lehen irudiak: bidaia bat unibertso ilunera
Europako Espazio Agentziaren (ESA) Euclid teleskopio espazialak koloretako bere lehen irudiak lortu ditu; zeruaren hain eremu zabalean eta hain urrutitik orain arte lortutako garbienak izan dira. Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroko zenbait zientzialari Euclid Partzuergoko kide dira. Misioak unibertsoaren 3D maparik handi eta zehatzena sortuko du, kosmosaren %95a osatzen duten unibertsoko materia eta energia iluna aztertzeko.
Europako Espazio Agentziaren (ESA) Euclid misio espaziala uztailaren 1ean jaurti zuten, unibertso iluna aztertzeko, eta, azkenean, unibertsoko koloretako bere lehen irudiak erakutsi ditu. Orain arte teleskopio espazial batek ere ez zuen lortu hain irudi astronomiko aratzik, zeruaren hain eremu zabalean eta hain urrutitik (10.000 milioi argi-urteko distantziarainokoak). Bost irudi hauek Euclidek duen potentzialaren adierazgarri dira, eta teleskopioa unibertsoaren orain arteko 3D-maparik zabalena sortzeko prest dagoela erakusten dute.
Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroko zenbait zientzialarik parte hartzen ari diren misio honen helburua materia iluna eta energia iluna ikertzea da. Bion artean, kosmosaren %95 osatzen dute. Oraindik ez da aurkitu zein den hauen izaera, hauen presentziak aldaketa sotilak eragiten baititu unibertso behagarriaren itxuran eta higiduran. Materia eta energia ilunak unibertso ikusgarrian duten eragina agerian uzteko, hurrengo sei urteetan Euclidek 10.000 milioi argi-urterainoko erradioan aurkitzen diren milaka milioi galaxien formak, distantziak eta mugimenduak behatuko ditu. Hala, unibertsoaren orain arteko hiru dimentsioko maparik handiena sortuko du.
Euclidek egiten duen kosmosaren erregistroa aparta da, zeruaren eremu handi bateko argi ikusgai eta infragorrizko irudi oso aratza sor baitezake behingoan. Horretarako, Espainiaren ekarpena funtsezkoa izan da, zenbait erakundek diseinatu eta eraiki baitituzte Eucliden barruko tresna zientifikoen parte batzuk. “Oso atsegina eta gogobetegarria da irudi eder hauek ikustea, hainbeste urtez eraiki dugun tresna batekin hartu baitira. Eraiki duzun zerbait espazioan oso urruti dagoela eta unibertsoa hainbesteko xehetasunez erakusteko gai dela konturatzea harrigarria da. Irrikaz espero ditugu datozen aurkikuntza zientifikoak” esan du Francisco Castander ikertzaileak; Euclid Partzuergoko kide da, eta Espazioko Zientzien Institutuko (ICE-CSIC) eta Kataluniako Espazio Azterlanen Institutuko (IEEC) ikertzailea.
Gaur argitaratutako irudiek agerian uzten dute Eucliden ahalmen berezi hori: behaketek zeruko objektu guztiak erakusten dituzte, izar distiratsuak izan zein galaxia ahulak izan, betiere garbi-garbi, baita urruneko galaxien gainean zooma egiten denean ere. “Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet anbizio handiko misio hau gauzatzen parte hartzen ari diren guztiei, Europako bikaintasunaren eta nazioarteko lankidetzaren isla baita. Euclidek hartutako lehen irudiak zirraragarriak dira, eta unibertsoaren misterioei buruz gehiago ikasteko espaziora joatea funtsezkoa dela gogorarazten digute” adierazi du ESAko zuzendari nagusia den Josef Aschbacher-ek.
Irudiak, halaber, gure unibertsoaren historian galaxiak nola sortu eta eboluzionatu duten hobeto ulertzeko iturri ezin baliotsuagoa izango dira. “Irudi bakar batean, milaka galaxia ikus ditzakegu, xehetasun apartaz. Hauekin, milaka milioi urtetan izarrek eta zulo beltzek izan zuten interakzioari buruzko zenbait ideia proba ditzakegu” adierazi du kosmoseko galaxien aniztasuna ikertzen duen DIPCko Silvia Bonoli astrofisikariak.
DIPCko ikertzaile eta Euclid partzuergoko kide den Raúl Angulok honakoa gehitu du: “Energia eta materia ilunak dira fisika modernoaren enigma handienetako batzuk, eta Euclid ematen ari den kalitate handiko irudiei esker hauen izaera ulertzetik urrats bat hurbilago gaudela pentsatzea hunkigarria da”. DICPko ikertzaileak Euclidek erakutsiko duen unibertsoaren mapa xehe-xehea interpretatzeko eredu teorikoak eskaintzeko lanean ari dira orain.
Hemen daude eskuragarri ESAren Euclid misio espazialak argitaratutako irudi guztiak.
Euclid-en bidez unibertsora hurbiltzen
Eucliden argazki harrigarri hau astronomiarako iraultza bat da. Irudian, Pertseo kumuluko 1000 galaxia, eta beste 100.000 galaxia gehiago are urrunago hondoan.
Galaxia ahul horietako asko ez dira orain arte ikusi. Haietako zenbait hain urruti egonik, bere argiak 10 mila milioi urte behar ditu gugana iristeko. Galaxia horien banaketa eta formak kartografiatzean, kosmologoek materia ilunak gaur ikusten dugun unibertsoari nola eman zion forma jakiteko informazio gehiago lortuko dute .