Euclidek balio handiko datuak argitaratu ditu unibertso iluna aztertzeko
Europa, Estatu Batuak, Kanada eta Japoniako 100 institututako 2.600 ikertzailek baino gehiagok (besteak beste, DIPCko zientzialariak) osatzen dute ESAko EUCLID partzuergoa, zeinaren helburua baita unibertsoaren egitura mapatzea eta materia eta energia ilunak aztertzea

Europako Espazio Agentziako (ESA) Euclid misioak bere kartografiako datuen lehenengo sorta argitaratu du, tartean 380.000 galaxia baino gehiago eta grabitazio-leiar izateko 500 hautagai sailkatzeko lehenengo azterlana. Datu horiek guztiak adimen artifiziala eta herritar-zientzia konbinatuz bildu dira. Europa, Estatu Batuak, Kanada eta Japoniako 100 institututako 2.600 ikertzailek baino gehiagok (besteak beste, Donostia International Physics Centerreko ―DIPC― zientzialariak) osatzen dute ESAko Euclid partzuergoa, zeinaren helburua baita unibertsoaren egitura mapatzea eta materia eta energia ilunak aztertzea.
2023ko uztailaren 1ean, Euclid espazio-teleskopioa kanpo-espaziorantz abiatu zen. Orain, Euclid misioak lehenengo datu-sorta argitaratu du, eremu sakonen aurrerapen bat barne. Hemen, forma eta tamaina askotako ehunka mila galaxia protagonista bihurtzen dira, eta sare kosmikoan eskala handian nola antolatzen diren erakusten dute. Euclid partzuergoko zientzialariek galaxia horiek behatzen eta aztertzen dituzte; horrek garbi uzten du aurrekaririk gabeko ahalmena duela teleskopio horrek, zeina denboran zehar unibertsoaren maparik zehatzena emateko diseinatu baita.
Argitaratutako datuek zeruaren eremu handi bat hartzen dute, hiru mosaikotan, eta galaxia-kumulu, galaxia-nukleo aktibo (AGN) eta fenomeno iragankor ugari ere barne hartzen dituzte. Horrek guztiak oinarriak ezartzen ditu Euclidek bere datu-multzo aberatsarekin landuko dituen askotariko gaiak finkatzeko.

Zientzialariek nabarmendu dute Euclidek eragin handia duela unibertsoaren historiaren eta indar ikusezinen azterketan. Nahiz eta datu horiek espero diren guztien zati bat baino ez diren, dagoeneko azterketa zientifiko esanguratsuak egitea ahalbidetu dute.
Euclidek, kosmoseko eskualde zabalagoak kartografiatu ahala, unibertsoaren izaerari buruzko ideiak eta hipotesi nagusiak probatzen lagunduko die zientzialariei. “Bien bitartean, gure ereduak doitzen ari gara, eta simulazioak egiten superordenagailuak erabiliz, teleskopio bikain honek hemendik gutxira emango dizkigun behaketa xehatu ugariak interpretatzeko”, gaineratu du Raúl Angulok, Euclid partzuergoko Simulazioen Lantaldea zuzentzen duen DIPCko ikertzaileak.
Euclid misioaren etorkizuneko gertaera garrantzitsuak
ESAren Euclid misioak aurrera jarraitzen du kosmosaren misterioak argitzeko asmo handiko bere bidaian. Eremu sakonetan egiten dituen behaketei esker, datu-kantitate izugarria bildu du Euclidek, zeinek aukera emango baitute, besteak beste, galaxien bilakaera eta energia eta materia ilunen izaera aztertzeko. Misioak iraungo duen sei urte horietan, zeruko eskualde bakoitza dozenaka aldiz behatuko da: zehaztasuna hobetuko da, eta aurretik inoiz ikusi gabeko xehetasunak agertuko dira. Aurreikuspenen arabera, 2026ko urrian argitaratuko da datu-sorta handiena mundu-mailan; aurkikuntza berriek unibertsoaren egitura eta hedapena ulertzen lagunduko diete gizakiei.
