Gala-jantzian dator zientzia, hemen da Passion for Knowledge

2023 Uzt 19

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatutako nazioarteko zientzia-jaialdia urriaren 2tik 7ra egingo da

Gala-jantzian dator zientzia, hemen da Passion for Knowledge

Pandemiak eragindako eten luzearen ondoren, 2023an bete-betean dator Donostia International Physics Center-ek antolatutako Passion for Knowledge (P4K) nazioarteko zientzia-jaialdia. Gala-jantzian helduko da zientzia gurera azken aurkikuntzak herritarrekin partekatzeko, urriaren 2tik 7ra Donostian eta Bilbon egingo den jaialdiaren edizio berri batean.

Passion for Knowledge irudi berrituarekin eta jende guztiarentzako jarduera-programa zabalarekin dator, zientziak gizateriaren onerako egin duen urrats bakoitza handikiro ospatzeko helburuarekin.

Nazioarteko zientzialari entzutetsu ugari bilduko ditu jaialdiak; besteak beste, hainbat Nobel saridun, azken hamarkadetako zientzia-aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen protagonista izandakoak. Hitzaldi nagusi ospetsuak Victoria Eugenia Antzokian izango dira, jaialdiaren egoitza nagusian. Espero dugu gure herritarren parte adierazgarri bat bertan elkartzea.

Era askotako ikusleentzako jarduera-sail batekin osatu da programa: Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketak, ikertzaile gazteentzako dibulgazio-saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bertso-saioa, Naukasen kolaboratzaileen eta streamerren dibulgazioa, proiekzioak, etab.

Laster emango dira ezagutzera 2023ko Passion for Knowledge jaialdiko jarduera guztiak eta gonbidatuen panela jaialdiaren web gunean: p4k.dipc.org

Ikasleen eta Nobel saridunen arteko topaketak: izen-ematea

Passion for Knowledge jaialdiko ekitaldi ospetsuenetako bat ikasleen eta Nobel saridunen arteko topaketa jendetsuak dira; top@DIPC – Zientziarekin solasean! izeneko ekitaldiok Euskadiko ikastetxe guztiei zuzenduak daude. Topaketon helburu nagusia da gazteengan —bereziki, neskengan— zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea.

Topaketak urriaren 6an egingo dira Donostian, Victoria Eugenia antzokian, eta urriaren 3an Bilboko Bizkaia Aretoan (UPV/EHU). Topaketetako saio bakoitzean, nazioartean ospe handia duten ikertzaileak izango dira, Passion for Knowledge 2023ra gonbidatutakoen artean aukeratuak, eta Pedro Miguel Etxenikek egingo ditu saio guztietako moderatzaile-lanak.

Donostian, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleak honako ikertzaile hauekin bilduko dira: María Vallet Regí, Jaime I.a Erregea saria irabazi zuen 2018an, hezurrak birsortzeko eremuan eta botikak modu kontrolatuan askatzeko sistemetan egindako ekarpen aitzindariengatik; eta Jack Szostak, Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 2009an, deskubritu zuelako telomero izenez ezagutzen diren DNA-kate errepikakor batzuek gure kromosomak babesten dituztela, telomerasa entzimarekin batera.

Bilbon, berriz, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak beste ikertzaile hauekin elkartuko dira: Donna Strickland, Fisikako Nobel sariduna 2018an, aitzindaria laserren arloan eta erreferentzia nabarmena emakume zientzialarien artean, historian Fisikako Nobel saria lortu duten lau emakumeetako bat baita; Albert Fert, Fisikako Nobel sariduna 2007an, magnetorresistentzia erraldoiaren asmatzaileetako bat izateagatik —fenomeno kuantiko horrek guztiz zilipurdikatu du disko gogorren teknologia, batetik, ikaragarri handitu duelako haien biltegiratzeko ahalmena eta, bestetik, elektronika-mota berri baten sorrera eragin duelako: espintronika, hain zuzen—.

Giro lasai eta hurbilean, ikasleek aukera izango dute zientzialari handi horiekin guztiekin hitz egiteko eta beren zalantzak eta galderak haiei zuzenean galdetzeko. Izena emateko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik Euskadiko ikastetxe guztientzat, jaialdiaren webgunean: p4k.dipc.org

Jaialdira gonbidatutako zientzialari-talde apartaren aurrerapen txiki bat besterik ez dugu eman hemen. Laster emango dugu Passion for Knowledge jaialdiaren 2023. edizioko jardueren programa erakargarriaren eta gonbidatuen xehetasunen berri, jaialdiaren webgunean: p4k.dipc.org.


Jaialdiari buruzko azken berriak jasotzeko, eman izena jaialdiaren newsletterrean: