Gipuzkoako Batzar Nagusiak DIPC bisitatu du

2024 Aben 3

Donostia International Physics Centerrera egin den bisita Batzar Nagusiek antolatzen dituzten topaketen barruan kokatzen da, bertako kideek Gipuzkoan garatzen diren ekimen ezberdinak ezagutu ditzaten

Gipuzkoako Batzar Nagusiak DIPC bisitatu du
Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaritza, Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta DIPCko eta BasQko ordezkariek lagunduta DIPCra egindako bisitan

Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaritza batek, Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko diputatuak lagunduta, Donostia International Physics Centerreko instalazioak bisitatu zituen, eta gertutik ezagutu zuen zentroak garatzen dituen ikerketa- eta dibulgazio-proiektuen jarduera.

Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak, Javier Aizpurua Basque Quantumeko (BasQ) zuzendari zientifikoak, Olatz Leis Ekonomia eta Proiektuen Kudeaketa zuzendariak eta Nora Gonzalez Komunikazio eta Dibulgazio zuzendariak hartu zuten ordezkaritza.

Bisitan zehar, 2000. urtean aliantza publiko-pribatu batetik sortutako DIPCren historia ezagutu ahal izan zuten, baita zentroak urte hauetan izan duen ibilbidea eta bilakaera ere.

Gaur egun, nazioartean ospe handia duen zentroa da DIPC, eta fisikaren eta antzeko diziplinen arloko puntako 200 ikertzaile baino gehiago hartzen ditu. Urtean 400 argitalpen zientifiko baino gehiago egiten ditu.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hiru foru-aldundien inplikazioarekin gidatzen duen Basque Quantum estrategiaren xehetasunak ezagutu ahal izan zituzten. Estrategia horri esker, euskal ekosistemak IBMren seigarren ordenagailu kuantikoa Donostiara etortzearen potentziala erabili ahal izango du.

Bisitaren amaieran, Super Konputazioko Zentroa bisitatu zen, erreferentziazko instalazioa Euskal Herrian. Azpiegitura honek Hyperion eta Atlas superordenagailuak biltzen ditu eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko ikerketa-komunitateari zerbitzua ematen dio.