Grafenoa eta etorkizuneko materialak Donostian izango dira

2025 Eka 26

Graphene2025 konferentziak grafenoaren alorreko mundu osoko 500 aditu baino gehiago bilduko ditu gaurtik aurrera Kursaalen, etorkizuneko materialaren ezagutzak eta aplikazioak partekatzeko. Konstantin Novoselov da gonbidatuen arteko izar nagusia, zeinak Fisikako Nobel Saria jaso baitzuen 2010ean grafenoari buruz egindako lanengatik.

Grafenoa eta etorkizuneko materialak Donostian izango dira
Ricardo Díez Muiño, Stephan Roche, Adolfo Morais, Antonio Correia, Jean-Christophe Charlier eta Francesco Bonaccorso. Irudia: DIPC - Paula Arbide

Graphene Conference-ren 15. edizioa (Graphene2025) egingo da egunotan Donostian; grafenoari eta bi dimentsioko materialei eskainitako Europako topaketa nagusia da, baita munduko garrantzitsuenetako bat ere. Kongresu honek 500 ikertzaile, enpresa eta sektoreko lider baino gehiago biltzen ditu, eta helburua da grafenoaren azken aurrerapen zientifikoak eta aplikazio industrialak aztertzea. Konferentzian esparru honetako goi-mailako hizlari ugari egongo dira, hala nola Konstantin Novoselov, zeinak Fisikako Nobel Saria jaso baitzuen 2010ean grafenoari buruz egindako lanengatik.

Graphene2025 konferentziaren inaugurazioan Adolfo Morais izan zen, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea. Berak nabarmendu zuenez, “kongresu hau Donostian egiteak indartu egiten du munduari irekia eta etorkizuneko erronka teknologiko handiekin konektatua dagoen bikaintasuneko I+G-arekin dugun konpromisoa. Material aurreratuak soluzioen belaunaldi berri baterako ate bat dira hainbat arlotan, hala nola osasunean, energian edo mugikortasunean”.

Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendariak nabarmendu zuenez, oso garrantzitsua da “konferentzia honetan Novoselov irakaslearen mailako adituek parte hartzea, inspiratzailea baita ikertzaile gazteen belaunaldi oso batentzat, zeinek aukera zientifiko eta teknologiko izugarriak dituen eremu gisa begiratzen baitiote grafenoari eta, oro har, bi dimentsioko materialen sorta zabalari. DIPCko hainbat ikerlarik haren ikerketa-taldearekin kolaboratu ohi dute, eta pozgarria da orain gurekin Donostian izatea”.

Graphene2025 ezinbesteko hitzordua izango da material aurreratuen etorkizunean eta horiek geroko industrian izango dituzten aplikazioetan interesa duten guztientzat. Azken edizioetan, Graphene Conference-k grafenoaren munduko komunitatearen aurrez aurreko topagune nagusi gisa duen posizioa sendotu du. Abangoardiako nazioarteko konferentzia honek munduko liderrak, ikertzaile ezagunak eta industriako berritzaileak biltzen ditu, eta xedea da guztien artean grafenoaren eta bi dimentsioko materialen ahalmen mugagabea esploratzea eta desblokeatzea.

Hauek dira konferentziaren antolatzaileak: Phantoms Foundation, Institut Català de Nanociència i Nanotecnologia (ICN2), AMO, The University of Manchester, RWTH Aachen University, UCLouvain, BeDimensional, Technische Universität Dresden (TUD) unibertsitateko Cfaed ikerketa-klusterra eta Donostia International Physics Center (DIPC).

Konferentziari buruzko informazio gehiago: https://www.grapheneconf.com/2025/index.php