Groenlandiaren eraldaketa aztergai geopolitikaren, klima-aldaketaren eta baliabide naturalen ikuspegitik

2026 Aza 10

Groenlandiaren eraldaketa aztergai geopolitikaren, klima-aldaketaren eta baliabide naturalen ikuspegitik

Kutxa Fundazioak eta DIPCk "Groenlandia hizpide: klima-aldaketa, baliabideak eta geopolitika Artikoan" mahai-ingurua antolatu dute, Groenlandiaren eraldaketaz eta Artikoan duen garrantzia gero eta handiagoaz hausnartzeko, geopolitika, klima-aldaketa eta baliabide naturalak ardatz hartuta.

Groenlandia eraldaketa sakon baten erdian dago. Klima-aldaketaren ondorioek, bertako baliabide naturalek pizten duten interes gero eta handiagoak eta nazioarteko testuinguru geopolitiko berriak lurraldearen errealitatea aldatzen ari dira, eta, aldi berean, haren garrantzi estrategikoa handitzen. Horrenbestez, Groenlandia funtsezko lurraldea bihurtu da Artikoa eraldatzen ari diren dinamikak eta horiek nazioarteko esparruan dituzten ondorioak ulertzeko.

Mahai-inguru honek Groenlandiari hiru ikuspegi osagarriren bidez begiratzea proposatzen du: geopolitika, klima-aldaketa eta baliabideak. Hiru hizlarik, Mikel Reparazek, Elisa Sainz de Murietak eta Jorge Gorosarrik, bakoitzak bere ikuspegitik eta espezialitate-arloetatik abiatuta, Groenlandia eraldatzen ari diren prozesu nagusiak aztertuko dituzte, baita eraldaketa horiek etorkizunari eta, oro har, Artikoari ekarriko dizkioten erronkak, aukerak eta tentsioak ere.

Eguna: azaroaren 24a, asteartea
Tokia: Kutxa Fundazioa Kluba, Tabakalera 1. solairua, Donostia
Ordua: 18:30
Hizkuntza: euskara

Hizlariei buruz

hizlariak.png
Ezkerretik eskuinera, Mikel Reparaz, Elisa Sainz de Murieta eta Jorg Gorosarri.

Mikel Reparaz, nazioarteko informazioan aditu eta aritutako kazetaria da. Egun EITBko nazioarteko arloa gidatzen du, eta mundu mailako gertakizun eta gatazkez berri eman du bost kontinenteetatik. Urte luzez euskal irrati-telebista publikoaren korrespontsal lanak egin zituen Bruselan eta New Yorken.

Elisa Sainz de Murieta, EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko irakaslea eta Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzaile atxikia da. Bere ikerketaren ardatza klima aldaketaren arriskuen analisia eta egokitze politiken ebaluazioa da; bereziki inpaktuen balorazio ekonomikoa, kostaldeko itsas mailaren igoeratik, muturreko beroak osasunean dituen ondorioetaraino.

Jorge Gorosarri, geologoa, irakaslea eta Lurraren zientzien dibulgatzailea da. EHUko geologoa, bere ibilbide profesionalaren lehen urteetan geologia aplikatuan, geomorfologian eta hidrogeologian jardun zuen. Bi hamarkada baino gehiagoz Euskal Herriko karsta eta lurpeko mundua aztertu eta esploratu ditu, bereziki Araban, eta gaur egun Zarama Espeleo Taldeko presidentea eta Euskal Espeleologoen Batasuneko kidea da. Espedizio-gida eta naturalista gisa ere lan egin du, batez ere Groenlandian, horri esker, Artikoko lurraldeetan azken urteotan izandako aldaketen lekuko zuzena izan da.