Hominidoak, Donostian egingo den Jot Down Zientzia ekitaldiko ardatz nagusi
Donostia, 2024ko apirilaren 29a. Jot Down Zientzia ekitaldiaren hamaikagarren edizioa Donostian egingo da maiatzaren 3an eta 4an, Jot Down aldizkari ezagunak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak antolatuta, Kutxa Fundazioaren laguntza bereziarekin. Aurtengo ekitaldiaren zeharkako ardatza hominidoak dira; hain zuzen, gaurko gizakiak (Homo sapiens) eta haien arbaso zuzenak —bai eta desagertutako beste ahaide hurbil batzuk ere— barne hartzen dituen primate familia.
Topaketa irekia izango da herritar guztientzat, eta Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plazan izango da. Paleoantropologiaren, arkeologiaren eta giza eboluzioaren arloko lehen mailako ikertzaileak bilduko ditu egitarau dinamiko batean. Bertan, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak eta haurrentzako eta familientzako tailer bat izango dira.
Hominidoei buruzko jardunaldietan, era askotako gaiak jorratuko dira. Hitzaldietan, gai hauek jorratuko dituzte Estatuko zenbait ikertzaile espezialistek eta dibulgatzailek: burmuinaren bilakaera eta hominidoen ikusmena; nekazaritzak ekarri zuen paradigma-aldaketa; kristalekiko lilura; eta gure historia zeharkatzen duten zaintzaren eta indarkeriaren arteko tentsio sozialak. Ostiralean, halaber, arteari eta zientziari buruzko mahai-ingurua eta Jot Down Zientzia 2024 lehiaketaren sari-ematea izango dira.
Liburuek protagonismo berezia izango dute larunbateko bigarren egunean. Juan José Gómez Cadenas —duela gutxi argitaratutako Nación Neandertal (Nazio Neandertala; Espasa, 2024) zientzia-fikziozko eleberriaren egilea— eta Juan Ignacio Pérez Iglesias —Primates al este del edén (Primateak paradisuaren ekialdean; Crítica, 2024) dibulgazio-liburuaren egilea— elkarrizketatuko dituzte. Ekitaldiaren bi egunetan, zientzia-dibulgazioko liburuak erakusteko eta saltzeko gune bat jarriko da Tabakaleran; bertan, jardunaldietan parte hartzen duten ikertzaileen izenburu nagusiak egongo dira, bai eta Jot Down-en eta DIPCren argitalpenen sorta bat ere.
Larunbat goizean antolatutako tailer berezian, lehoien, gorilen eta beste animalia batzuen hondakin eskeletikoak hominidoen hondakinen erreplikekin alderatzen ikasiko dute haurrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko espezialistekin laguntzarekin.
Jardunaldiak doakoak dira; arratsaldeko hitzaldiak sarrera librekoak dira, baina, haurrentzako tailerretarako, DIPCren webgunean izena eman beharra dago.
Jot Down Zientzia dibulgazio-lehiaketa
Urtero bezala, Jot Down Zientzia 2024 zientzia-dibulgazioko lehiaketaren sari-banaketa egingo da ekitaldian. Lehiaketaren hamaikagarren ediziorako hominidoak gaia aukeratu da, eta parte hartzeko lau modalitate izan ditu: zientzia-dibulgazioko saiakerarik onena, zientzia-fikzioko narratiba-testurik onena, zientzia-ilustraziorik onena eta zientzia-argazkirik onena. Bakoitza 1.000 euroz hornitu da eta babesle hauek izan dituzte: DIPC eta Jot Down, Sevillako Unibertsitatea, Canfranceko Lurpeko Laborategia eta Bergarako Laboratoriuma.
Guztira 70 lan aurkeztu dira lau modalitateetan. Zientzia-dibulgazioko saiakerarik onenaren saria Juan Manuel Jiménez Arenasi eman zaio, Granadako Unibertsitateko Historiaurreko eta Arkeologiako irakasleari, lan honengatik: Orce: piedras que se asemejan a huesos (Orce: hezurren antza duten harriak). Zientzia-fikzioko narratiba onenaren kategorian, bi ex aequo irabazle izan dira: Juan Carlos Pereletegui alacantdarra, Madres (Amak) lanagatik, eta Rebeca García Nieto guadalajaratarra, Un edén improbable (Paradisu gertagaitza) lanagatik. Zientzia-ilustraziorik onenaren saria Andrés Diam-ek jaso du, El primer paso (Lehenengo pausoa) lanagatik. Azkenik, zientzia-argazkirik onenaren saria Jose Conceptes castellondarrak irabazi du, Metamorfosis homínida (Hominidoen metamorfosia) lanagatik.
Lehiaketak eta ekitaldiak, halaber, hauen laguntza izan dute: Merkurio aldizkaria, Next Door Publishers argitaletxea, Tabakalera eta Aranzadi Zientzia Elkartea.