Hyperion, DIPCren superordenagailu berria
Jokin Bildarratzek Hyperion superordenagailu berria bisitatu du gaur goizean Donostia International Physics Center-en (DIPC). 14.000 nukleo baino gehiagorekin eta 150 TB RAM memoriarekin, Hyperionek bere aurrekoaren indarra hirukoizten du eta Euskadiko ikertzaile-komunitate osoari ematen dio zerbitzua
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera, Hyperion superordenagailua bisitatu du gaur goizean, Donostia International Physics Centerren (DIPC) kokatua dagoen Superkonputazio Zentroan. Hyperion, potentzia handitu ondoren, Estatuko hirugarren superordenagailu indartsuena da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikertzaileei ematen die zerbitzua. Zehazki, honako hauek hartzen ditu erabiltzaileen sareak: bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketako Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE), Ikerketa Sanitarioko Zentroak (Biogipuzkoa) eta Zentro Teknologikoak (Tecnalia).
2017tik hona, Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du superkonputaziorako ekipamendua eskuratu eta hobetzeko. 2,8 milioi Hyperion eraiki eta abian jartzeko izan dira.
Hyperion jada erabiltzen da, beste proiektu batzuen artean, galaxien eraketa simulatzeko, material berrien portaera simulatzeko, teknologia kuantikoetan, adimen artifizialean, eta kimika konputazionalean garatzeko. Horrelako superordenagailuak ikertzaileen lana errazteko erabiltzen dira, arazo handi bat hainbat arazo txiki eta erabilgarritan sekzionatzeko gai direlako. Horietako bakoitzaren emaitzak konbinatu egiten dira gero, eta azken soluzioa denbora-tarte laburragoan aurkitzen da.
Superkonputazio Zentroko zuzendari Txomin Romerok azpimarratu duenez, Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria ditu, eta bere aurreko Atlas superordenagailuaren potentzia halako hiru du. Gaur egun, gure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori ematen die zerbitzua.
Hyperion eraikitzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estrategia globalaren barruan kokatzen da, hau da, komunitate zientifikoari bere lana egiteko behar dituen tresnak eta azpiegiturak emateko estrategian. Apustu horri esker, oraingoan DIPCn Hyperionekin egin den bezala, BERC Biofisika Bizkaiak bereizmen handiko krio-mikroskopio elektronikoaren momentuko eredurik aurreratuena du, eta BCBLn magnetoentzefalografiako ekipo berritzaile bat instalatu da jarduera kortikala erregistratzeko.
Hyperion ezagutza berria sortzearekin lerrokatuta dago, IKUR estrategian identifikatutako lau esparru estrategikoen bidez: Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutrionika (neutroien eta neutrinoen fisika) eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala; eta baita euskal ikerketa-komunitatearen beste ildo garrantzitsu batzuetan ere, tartean Astrofisika eta Kosmologia, Klimaren Zientzia eta propietate aurreratuak dituzten Materialen Zientzia.
Bisitan, Bildarratz sailburuak Euskadin lan egiten duten eta Europako Batzordearen ERC Grant laguntza lortu duten ikertzaileekin topaketa batean parte hartzeko aukera ere izan du. Hyperionek eta gainerako azpiegitura zientifikoek ahalbidetzen dute Euskadiko sare zientifikoak nazioarteko aitorpena handitzen jarraitzea, eta horren erakusle da gaur egun Europako aitorpena duten ikerketa-proiektuen hazkundea. Euskadik 28 ERC laguntza aktibo ditu gaur egun, eta horietatik hamar ERC Starting Grant dira; hamar ERC Consolidator Grant; sei Advanced Grant; eta beste bi ERC Synergy Grant.