Ikastetxeak Belodromoan ekimenak basoko misterio eder eta ezezagunenak arakatuko ditu
Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategia erakundeekin lankidetzan hautatutako pelikula ‘Totoro auzokidea’ (Hayao Miyazaki, 1988) da, animaziozko zinemaren klasiko japoniar bat, euskarara bikoiztuta emango dena.

6-11 urteko milaka haurrek aukera izango dute Totoro auzokidea / Tonari no Totoro (Hayao Miyazaki, 1988) filmaren emanaldiaz gozatzeko Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren –zinema eta zientzia uztartzeko jomuga duenaren– barnean. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatuak, animazioko zinema japoniar klasiko honen emanaldiak basoko misterioetan barneratuko dira, hango biztanleek osatzen duten ekosistema liluragarria ezagutarazteko ikasle gazteei, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babestea zein garrantzitsua den nabarmenduz.
Filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Totoro auzokidea pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak (hala nola Totoro, itxaropena berreskuratzen lagunduko dien basoko izpiritu bat) aurkituko dituzten bi neskaren arteko harremana kontatzen digu.
Miyazaki –2023an Donostia Saria jaso zuena bere ibilbide osoagatik– animaziozko zinemaren munduko maisu nagusietako bat da. Sen to Chihiro no Kamikakushi / Spirited Away (2001) eta Gake no Ue no Ponyo / Ponyo on the Cliff by the Sea (2009) ere eman ziren Belodromoan, 2002an eta 2009an, hurrenez hurren. Ondoren, japoniarrak –Ghibli estudioaren sortzaileetako bat denak– Kaze Tachinu / The Wind Rises (2013) filmarekin parte hartu zuen Perlak sailean, eta Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa inauguratu zuen Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron (2023) lanarekin.
Totoro auzokidea filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat egingo da, hainbat ezusteko ere izango dituena. Basoaren bihotzera bidaiatuko dugu zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte. Aurtengo ediziora gonbidatutako zientzialaria Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamentuko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra izango da. Eguneroko lanean, baso-lurzoruak eta horiek giza jarduerekin eta ingurunearekin duten lotura analizatzen ditu, jasangarritasunerako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako baso-praktika berriak sortzea izanik azken xedea. Biologian lizentziaduna eta Zientzietan doktorea UPV/EHUn, doktore-tesiaren zati bat Hohenheimgo Unibertsitatean egin zuen.
Pepper robot sozialak ezin zuen topaketan huts egin, eta jada tradizio bihurtu zen bezala, luxuzko tandem bat osatuko du Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAIT) lankidetzari esker, Zinemaldian zehar Belodromoko ikono bihurtu den robot honen trebetasun bereziez gozatzeko aukera izango dute ikasleek.
Ikastetxeak Belodromoan jardueraren aurtengo kartela basoko misterioei eta naturak pizten duen harridurari egindako omenaldia da, eta Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak sortu du Arteuparteren diseinu grafikoarekin.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. Donostia. Zinema Hiria, Zientzia Hiria, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizez, irailaren 19an (ostirala) eta 22tik (ostirala) 26ra (astelehena), biak barne.