Basoko misterio eder eta ezezagunenak protagonistak Ikastetxeak Belodromoan saioan
Milaka neska-mutilek Belodromoa bete dute “Totoro auzokidea / Tonari no Totoro (Mi vecino Totoro, Hayao Miyazaki, 1988)” ikusteko, Ikastetxeak Belodromoan programaren baitan proiektatzen den japoniar animazioaren klasiko bat. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute emanaldia eta aurten basoa izango da gai nagusia, eta ikasleak basoko misterioetara eta biodibertsitatea babestearen garrantzira hurbilduko ditu. Neikerreko Baso Zientzien saileko Nahia Gartzia Bengoetxea biologoaren parte-hartze bereziari eta Pepper robot sozialaren itzulerari esker, ekitaldiak txikienak liluratu ditu.

Donostia Zinemaldiaren astean zehar,80 eskolatako 6 eta 11 urte bitarteko 13000 ikasle baino gehiagok Belodromoan egingo diren Ikastetxeak Belodromoan goizeko saioez gozatuko dute. Zinema eta Zientziaren arteko bategite hau txikientzat benetako ikuskizun bihurtu da. Belodromoko pantaila erraldoian “Totoro auzokidea” proiektatuko da goizero, animaziozko zinema japoniarreko klasiko bat, eskola-umeei basoko misterioetan murgiltzeko gonbita egiten diena, bertako biztanleen ekosistema liluragarria deskubrituz eta naturaren oreka ekologikoa eta biodibertsitatea kontserbatzearen garrantzia nabarmenduz. Pepper robot sozialarekin batera egin du hori guztia, eta ikus-entzule gazteak liluratu ditu. 2019az geroztik, DIPCk eta Euskadiko Filmategiak Donostia Zinemaldiarekin duten lankidetzari esker antolatzen dira saio horiek.
Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamentuko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra da edizio berri honetako zientzialari gonbidatua. Eguneroko lanean, baso-lurzoruak eta horiek giza jarduerekin eta ingurunearekin duten lotura analizatzen ditu, jasangarritasunerako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako baso-praktika berriak sortzea izanik azken xedea. Biologian lizentziaduna eta Zientzietan doktorea EHUn, doktore-tesiaren zati bat Hohenheimgo Unibertsitatean egin zuen.
Nahiarekin batera, Belodromoak basoaren bihotzera bidaiatuko du zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte.
Pepper robot sozialak ezin zuen topaketan huts egin, eta jada tradizio bihurtu zen bezala, luxuzko tandem bat osatuko du Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAIT) lankidetzari esker, Zinemaldian zehar Belodromoko ikono bihurtu den robot honen trebetasun bereziez gozatzeko aukera izango dute ikasleek.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Ricardo Diez Muiño Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendaria, Nahia Gartzia Bengoetxea Neikerreko ikertzailea eta Elena Lazkano Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAIT) arduraduna izan dira gaur goizeko inaugurazio-ekitaldian.
Aurtengo Ikastetxeak Belodromoan ekitaldiaren kartelak basoko misterioei eta naturak pizten duen harridurari omenaldia egin dio. Kartela Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak eta Arteuparte diseinu grafikoak egin dute.