Ikastetxeak Belodromoan ekimenak kanpo-espazioarekin konektatuko ditu ikasleak
Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan aukeratutako filma ‘Alan giza antena’ da eta euskarara bikoiztuta emango da
Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center erakundeak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatutako jarduera batean, zinema eta zientzia lotzen dituen film baten emanaldira joan ahalko dira 6-11 urteko milaka haur Belodromoan. Oraingo honetan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak bizitza estralurtarra izango du ardatz, zinemarako hain klasikoa eta, aldi berean, zientzia modernorako gaur-gaurko gaia berau.
Belodromoko pantaila erraldoiak Alan giza antena (El incidente alienígena del pequeño Alan / Little Allan - The Human Antenna) filmaren emanaldia hartuko du. Amalie Næsby Fickek zuzendutako animaziozko film daniarrak neska estralurtar baten istorioa kontatzen digu: 11 urteko mutiko batekin eta objektu hegalari ezezagunetan espezialista den haren bizilagunarekin harreman bat eratuko du neskatoak. Filma euskarara bikoiztuta emango da eta, halaber, aurkezpen original bat izango du, hainbat ezustekoz betea. Saioetan zehar, belodromoa bat-bateko behatoki astronomiko inprobisatu bihurtuko da une batez, unibertsoaren zabaltasun neurrigabearekin konektatzeko eta, ikuspegi zientifiko batetik, beste planeta batzuetan bizia existitzeko probabilitateari buruz geure buruari galdetzeko.
UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Naiara Barrado-Izagirre astronomoa izango da edizio berri honetako zientzialari gonbidatua. Barradok hainbat urtez geroztik egiten du lan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien Taldean, Jupiterren dinamika atmosferikoa aztertzen. Horretarako, misio espazialen datuak erabiltzen ditu, hala nola Hubble Espazio Teleskopioa eta Cassini, Juno eta halako zundak, bai eta Lurrean kokatutako teleskopio ugarien behaketak ere. Irudi astronomikoak mundu osoan banatutako behatoki nola profesionaletan hala amateurretan biltzen dira, eta IOPW/PVOLek bere ikertalde propioaren medioz kudeatutako datu-basea elikatzen dute. Barrado-Izagirrek gidatu egingo gaitu emanaldiaren aurreko bidaia kosmiko honetan.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemarako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. Donostia, zinema-hiria, zientzia-hiria goiburuarekin, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago izango dira Belodromoko sei saioetan, irailaren 20an (ostirala) eta 27an (astelehena).
ALAN GIZA ANTENA (SINOPSIA)
Alanek 11 urte ditu, eta uda bakarti batean giza-antena lanak egiten amaitzen du, objektu hegalari ezezagunekin obsesionatuta dagoen bizilagunarentzat. Baina aurkitzen dutena Britney da, estralurtar neska bat. Eskolarako lan bat egiten ari da giza arraza primitiboari buruz. Alanek etxera itzultzen lagundu behar dio, baina bitartean giza espeziea ulertzen saiatzen da neska.