Ikastetxeei zuzendutako Zinema eta Zientzia 2025 saioak, izen ematea zabalik!

2024 Aza 20

Ikastetxeei zuzendutako Zinema eta Zientzia 2025 saioak, izen ematea zabalik!
Gravity (Alfonso Cuarón, 2013) pelikularen fotograma

2025eko urtarrila eta martxoa bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioaz gozatzeko aukera izango dugu. Zikloaren programa osoa 2025eko urtarrilean aurkeztuko da.
Aurreko edizioetan bezala, Zinema eta Zientzia zikloak emanaldi bereziak eskainiko ditu ikastetxeentzat Donostian, Bilbaon eta Vitoria-Gasteizen, euskarazko eta gaztelaniazko saioekin. Edizio honetan, “Gravity” (Alfonso Cuarón, 2013) zientzia-fikziozko filma proiektatuko da, eta bertatik bertara ezagutuko dugu DIPCko COSMOS arloko ikertzaileek egiten duten lana eta filmaren ikuspegi zientifiko osagarria.

DIPCko COSMOS arloko ikerketa taldeek abangoardiako lana burutzen dute kosmologian, astrofisikan eta partikulen fisikan. Bertan, Unibertsoaren jatorriari, osaerari, egiturari eta bilakaerari lotutako funtsezko arazoei buruzko ikerketa-jarduera sartzen da. Partikulen fisika esperimentalaren bitartez materia-antimateriaren asimetria ikertzen da, eta neutrinoen fisika, kosmologia konputazionala, galaxien bilakaera, lente grabitazionalak eta energia eta materia ilunen izaera.

Gravity (Alfonso Cuarón, 2013)

Espazio-ontzitik kanpo satelite bat konpontzen ari direla, bi astronautek istripu larria izan dute eta espazioan flotatzen geratu dira. Ryan Stone doktorea, bere lehen misio espaziala burutzen ari den ingeniari bikaina, eta Matt Kowalsky astronauta beteranoa dira. Kanpoko misioak ohikoa zirudien, baina espazioko zabor zaparrada batek harrapatu ditu, eta hondamendia gertatu da: satelitea eta ontziaren zati bat suntsituta geratu dira, eta Ryan eta Matt bakar-bakarrik geratu dira. Une horretatik aurrera, Lurrera itzultzeko irtenbide bat bilatzen saiatuko dira, kosta ahala kosta.

Hiriak eta datak:

  • Proiekzioa Donostian (Tabakalera):
    • Martxoak 11 (saioa euskaraz) - AFOROA BETETA
    • Martxoak 13 (saioa gazteleraz)
  • Proiekzioa Bilbaon (Bizkaia Aretoa, UPV/EHU):
    • Martxoak 17 (saioa euskaraz) - AFOROA BETETA
    • Martxoak 19 (saioa gazteleraz)
  • Proiekzioa Vitoria-Gasteizen (Artium Museoa):
    • Martxoak 25 (saioa euskaraz)
    • Martxoak 27 (saioa gazteleraz)

Hizkuntza:

Filma ingelesez proiektatuko da (jatorrizko bertsioa), euskarazko ala gaztelerazko azpitituluekin saioaren arabera.

Programa:

  • 9:30 Irekiera eta pelikularen proiekzioa
  • 11:15 Aurkezpena eta solasaldia
  • 12:00 Amaiera

Ikasleen maila:

DBH 4. maila – Batxilergoa 1. eta 2. mailak – Lanbide Heziketa

Izen-ematea:

Plazak eskaera ordenaren arabera esleituko dira.

Zure ikastetxearen izena emateko jarraian duzun orria bete azaroaren 25etik aurrera.

Izen-emate orria azaroaren 25ean aktibatuko da.

IZEN - EMATE ORRIA

Harremanetarako:

Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago behar izanez gero idatzi outreach@dipc.org helbidera.