Kapsula Kuantikoa abiatu da, kuantika Euskadiko 147 herritara eramango duen programa ibiltaria
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimenak Euskadi zeharkatuko du bederatzi hilabetez, publiko guztientzako programa murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri batekin.
Kapsula Kuantikoa gaur abiatu da Donostian, Euskadiko ibilbideari ekinez, fisika eta teknologia kuantikoak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren programa ibiltari berriak Euskadiko 147 herri bisitatuko ditu datozen bederatzi hilabeteetan, adin eta profil guztietako pertsonentzat prestatutako ekimen murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri baten bidez. Inaugurazio-ekitaldia Passion for Knowledge 2026ren baitan egin da, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako nazioarteko zientzia-jaialdiaren barruan.
Inaugurazio-ekitaldia Ibaeta campusean egin da, Milia Kuantikoaren bihotzean, eta bertan izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, Donostiako alkate Jon Insausti, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre.
Ekitaldian, Pérez Iglesiasek ezagutza zientifikoa herritarrengana hurbiltzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki zientzia eta teknologia kuantikoarena, eguneroko esperientziatik urrun dauden diziplinak baitira. “Zientzia kuantikoa gure bizitzetan nonahi dago, eta etorkizunean are gehiago izango da; beraz, oso garrantzitsua da bere oinarrizko kontzeptuekiko nolabaiteko ezagutza izatea”, adierazi du sailburuak.

Unitate mugikorra Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako udalerri askotan izango da datozen bederatzi hilabeteetan, eta adin eta profil askotako pertsonek izango dute esperientzia bizitzeko aukera. Programak ikus-entzunezko baliabideak, instalazio interaktiboak eta publiko desberdinetara egokitutako edukiak erabiltzen ditu, kuantika zer den, nola garatu den eta etorkizunerako zer aukera eskaintzen dituen modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko.
Esperientziak, halaber, Euskadirentzat IBM Quantum System Two bezalako azpiegitura bat izateak zer suposatzen duen hobeto ezagutzeko eta konputazio kuantikoak hainbat arlotan eskaintzen dituen aplikazioak aztertzeko balioko du, besteak beste, ikerketa zientifikoan, osasunean, materialen arloan, energian eta komunikazioetan.
Kapsula Kuantikoak dibulgazio zientifikoa adina, prestakuntza edo bizilekua edozein dela ere eskuragarri izatea du helburu, eta arreta berezia eskainiko die mota horretako jardueretan parte hartzeko oztopo handiagoak dituzten pertsona eta kolektiboei.
Esperientzia bi modalitatetan izango da. Alde batetik, taldeentzako bisitak antolatuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, bereziki ikastetxeei, aisialdiko elkarteei eta behar espezifikoak dituzten kolektiboekin lan egiten duten erakundeei zuzenduta. Bestetik, unitate mugikorrak sarbide libreko saioak eskainiko ditu, edonork fisika kuantikoa modu hurbil, ulergarri eta parte-hartzailean ezagutzeko aukera izan dezan.
Kapsula Kuantikoaren ibilbidea Donostian hasi da; Saguesen egongo da zabalik herritarrentzat urriaren 3an, 6an eta 7an. Hurrengo geralekua Errenteria izango da eta ondoren Gipuzkoako 50 udalerri baino gehiagotara iritsiko da, Irun bezalako udalerri handietara zein Berastegi bezalako txikiagoetara.
Egutegia, unitate mugikorrak bisitatuko dituen herriak eta programari buruzko informazio guztia Zientzia Klik zientzia-kulturaren agendan kontsultatu ahal izango dira, baita haren Instagram kontuan ere. Bertan, ibilbidea #KapsulaKuantikoa traolaren bidez jarraitu ahal izango da.