Kuantikaz Blai! Kutxa Fundazioaren eta DIPCren eskutik

2025 Mai 8

Kutxak Fundazioak eta DIPCk bi hitzaldi berezi antolatu dituzte Kuantikaren Nazioarteko Urtea ospatzeko

Kuantikaz Blai! Kutxa Fundazioaren eta DIPCren eskutik
Kuantikaz blai! / Empápate de cuántica - Aran Garcia Lekueren hitzaldiaren kartela.

Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak aparteko egitaraua antolatu dute Kuantikaren Nazioarteko Urtea ospatzeko. Garrantzia berezia hartu baitu 2025 urteak, datozen hilabeteetan kuantikaren esparruan Euskal Herrian gauzatuko den mugarri zientifikoa dela eta; IBMren Quantum System 2 ordenagailu kuantikoa edukiko duen Ikerbasquen eraikina irekiko da Donostian, Ibaetako Kanpusean.

Ohiz kanpoko albiste zientifiko honek gizartearen interesa piztu du fisika kuantikoaren eta honen aplikazio posibleen inguruan. Horregatik, aurtengoan, puri-purian dagoen gai hau izango dugu hizpide, Kutxa Fundazioak eta DIPCk aspalditik elkarlanean antolatutako zientzia dibulgazio hitzaldiei jarraiki. Helburua da fisika kuantikoaren ezaugarri eta berezitasunak modu errazean zabaltzea, eta bizitzen ari garen “kuantikaren bigarren erreboluzioa” gizarteratzea, teknologia kuantikoen garapenak eskaintzen dituen aukera eta abantailak ezagutarazteko. Horretarako, zientzialari eta komunikatzaile bikainak gonbidatu dira hurrengo hilabeteetan, Kutxa Fundazioa Kluban, Tabakaleran, dibulgazio hitzaldiak eskaintzeko. Hitzaldiak, euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, doakoak dira, ez dago izena eman beharrik eta herritar guztiei irekita daude.

Lehen hitzordua maiatzaren 14an izango da DIPCko Ikerbasque irakaslea eta nanoelektronikan aditua den Arantzazu Garcia Lekue fisikariarekin. Garcia-Lekuek atomoen eta nanoeskalaren mundu liluragarrian murgiltzera gonbidatuko gaitu "Aldatu txipa, murgildu kuantikan!" hitzaldian. Begi bistara ikusezina den mundu hori gure intuizioari aurre egiten dioten legeek arautzen dute. Edonorrek ulertzeko moduko hizkeran azalduta, hitzaldi honetan fisika kuantikoaren propietate nagusiak ezagutuko ditugu, eta gaur egun, propietate horiek erabiltzen dituzten gailuz eta eguneroko aplikazioz inguratuta gaudela ohartuko gara. Azkenik, gaur egun komunikazio eta konputazioaren ildotik garatzen ari diren teknologia berriak ezagutzeko aukera izango dugu. Gerora, hezkuntza sistemari bideratuta, hitzaldi hau pilula formatuan zabaltzeko asmoa dago.

Irailaren 2an, Eduardo Sáenz de Cabezón matematikari eta dibulgatzaile ospetsuaren txanda izango da “Manotazos en una habitación oscura. La llegada de la computación cuántica” izenburupean. Teologian lizentziatua eta Matematikan doktorea, Matematika eta Konputazio Saileko irakasle titularra da Errioxako Unibertsitatean, bere ikerketa aljebra konputazionalaren arloan garatuz. Sáenz de Cabezón matematikaren komunikazio zientifikoan egindako lanagatik da batik bat ezaguna. The Big Van Theory bakarrizketa zientifiko taldearen sortzaileetako bat izateaz gain, Derivando Youtubeko kanalaren gidoilari eta aurkezlea, Órbita Laika (La2, RTVE) programaren aurkezlea eta dibulgazio liburuen idazlea ere bada.

Hitzaldiak Kutxa Fundazioa Kluba Aretoan (Tabakalera, 1. solairua):

Maiatzak 14, 18:30
Aldatu txipa, murgildu kuantikan
Arantzazu Garcia Lekue, fisikaria
DIPC, Ikerbasque
Hizkuntza: euskara

Irailak 2, 18:30
Manotazos en una habitación oscura. La llegada de la computación cuántica.
Eduardo Sáenz de Cabezón, matematikaria.
Errioxako Unibertsitatea
Hizkuntza: gaztelania

Hitzaldietara sarbidea:
Hitzaldiak libreak eta doakoak dira eta ez dago izena eman beharrik. Gerora, DIPCren eta Kutxa Fundazioaren youtube kanalean egongo dira ikusgai.