Kutxabank DIPCren patronatura sartu da Euskadin bikaintasunezko zientzia sustatzeko
Etorkizuneko ekonomiaren inguruko ekosistema zientifikoa eta industriala garatzen lagunduko du finantza-taldeak. Lankidetzak argi adierazten du ikerketa zientifikoa eta ezagutza funtsezko oinarriak direla euskal gizartearen ongizate ekonomiko eta sozialerako.

Kutxabank Donostia International Physics Center-en (DIPC) patronatuan sartu da gaur eguerdian egindako bileran, eta beste urrats bat eman du goi-mailako ikerketa zientifikoa sustatzeko eta Euskadin ezagutza- eta berrikuntza-ekosistema bat garatzeko konpromisoan.
Kutxabankek DIPCren alde egin duen apustuak argi adierazten du ondo dakiela honelako zentroetan egiten den ikerketa zientifikoa eta sortzen den ezagutza funtsezko oinarriak direla euskal gizartearen ongizate ekonomiko eta sozialerako. Finantza-erakundeak Kutxabank Eraginen bitartez bideratzen ditu bere jarduerak arlo sozialean, eta horretarako ondare kultural eta naturalekin lotutako ekimenak eta garapenari lotutakoak babesten ditu.
Kutxabankeko presidente Anton Arriolak patronatuko kide gisa egin duen lehen bileran, hau nabarmendu du: “Gizarte aurreratu batek ikerketa zientifiko aurreratua behar du, eta, horregatik, pozarren babesten dugu DIPCk egiten duen lana ezagutzaren katalizatzaile gisa gure gertuko ekosistema zientifikoan, hala ikuspegi zientifikoa eskatzen duten erronka sozial globalei erantzun ahal izateko. Bikaintasunagatik eta nazioarteko talentua erakartzeko duen gaitasunagatik aintzatetsi dute, eta DIPCk etorkizuna garatzeko funtsezko elementuak biltzen ditu: lehen mailako ikerketa zientifikoa, talentua erakartzeko ahalmena eta ekonomia berria eratzeko urratsak ematen ari den abangoardiako industria sendotzeko ezagutza-iturria”.
DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek adierazi duenez, “Kutxabankek DIPCren alde egiteak esan nahi du konfiantza duela zentroan garatzen den ikerketaren ahalmen eraldatzailean eta etorkizuneko eremu estrategikoetan bikaintasuneko ekosistemak sortzeko egiten duen ekarpenean. Hori dela eta, harro gaude erreferenteak garelako jakintza garatzeko funtsezko esparru batean, hori baita Euskadiren aurrerapenaren oinarria”.
Pedro Miguel Etxenikeren hitzetan, “DIPC zentro oso berezia da, bultzada publiko-pribatu batetik sortua, eta guztiz ezohikoa da hori ikerketa munduan. Oso pozik eta harro gaude erakunde handiek, hala nola Kutxabankek, gure jarduera babestea erabaki dutelako. Hala, beste erakunde pribatu batzuekin bat egin du finantza-taldeak: esate baterako, Kutxa Fundazioarekin, CAFekin, Telefónicarekin eta EDP Fundazioarekin, eta, oraintsuago, IBMrekin. Erakunde horiek guztiek urteak daramatzate DIPCren lana sustatzen, eta asko eskertzen diegu”.
DIPC nazioartean ospe handia duen ikerketa-zentroa da, eta abangoardiako ikerketa garatzen du fisikan eta harekin loturiko beste zenbait diziplinatan. Fundazioaren helburuen artean, gainera, kultura zientifikoa sustatzea eta gizarteari transmititzea dago. Egun DIPCk puntako proiektuak garatzen ditu teknologia kuantikoetan, superkonputazioan, adimen artifizialean, partikulen fisikan, kosmologian, material aurreratuetan, fotonikan, egoera solidoaren fisikan, nanozientzian eta neurofisikan, besteak beste. 200 ikertzaile ditu kontratatuak, zientziaren hainbat adarretakoak, eta baditu orobat ikertzaile elkartuak ere. Gainera, hainbat herrialdetako eta kontinente guztietako 200 bat bisitari zientifiko hartzen ditu urtero. Urtean 500 artikulu baino gehiago argitaratzen ditu, eta 30.000 aipamen baino gehiago jasotzen ditu. Eusko Jaurlaritzak BERC Bikaintasunerako Euskal Zentro gisa aintzatetsia du DIPC , eta Espainiako estatuak emandako Severo Ochoa bikaintasun-ziurtagiria ere badu.
Kutxabank erreferentziazko finantza-taldea da, pertsona, familia eta enpresentzat eskaintzen dituen finantza-irtenbideengatik. Espainiako finantza-sistemako bankurik fidagarriena da, EBZk gainbegiratua, eta munduko onenetakoa iraunkortasunari dagokionez. Oso errotuta dagoen erakunde bat da, hazkunde jasangarria du jomuga eta komunitatearekiko konpromisoa erakutsi du.
DIPCko Patronatuko kideak:
DIPCren patronatua erakunde publikoetako eta maila goreneko erakunde pribatuetako ordezkariek osatzen dute. Aipaturiko erakunde pribatu horiekin - Kutxa Fundazioarekin, CAFekin, Telefónicarekin eta EDP Fundazioarekin, eta IBMrekin - eta gaur goizean sartu den Kutxabankekin batera, badira beste erakunde partaide batzuk ere: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.
Argazkia. Familiako argazkia DIPCko patronatuko kideekin Kutxabanken sarreraren ondoren.