Lisa misioak ESAren argi berdea jaso du espazio-denbora uhinak aztertzeko
Interferometria Laserraren Antena Espazialak (LISA) grabitazio-uhinak detektatu eta aztertuko ditu espaziotik. Silvia Bonoli DIPCko Ikerbasque ikertzailea LISAk bidaliko dituen datuen interpretazio zientifikoa lantzen duen partzuergoko kidea da
Europako Espazio Agentziaren (ESA) Programa Zientifikoaren Batzordeak Interferometria Laserraren Antena Espazialaren misioa (LISA, ingelesezko sigla) onartu zuen. Hau grabitazio-uhinak espaziotik detektatzeko eta aztertzeko lehen ahalegin zientifikoa da. Urrats garrantzitsu horrek, formalki "adopzioa" deritzo, misioaren kontzeptua eta teknologia behar bezain aurreratuta daudela onartu eta tresnak eta espazio-ontzia eraikitzeari argi berdea ematen die. Lanak 2025eko urtarrilean hasiko dira, hornitzaile industrial europar bat hautatu ostean.
LISA ez da espazio-ontzi bakarra, hiruko konstelazio baizik. Lurrari jarraituko diote Eguzkiaren inguruko orbitan, triangelu aldeberdin bikain bat eratuz espazioan. Triangeluaren alde bakoitzak 2,5 milioi kilometro izango ditu (Lurra eta Ilargiaren arteko distantzia baino sei aldiz handiagoa), eta espazio-ontziek laser izpiak trukatuko dituzte distantzia horretan zehar. Hiru ontzien jaurtiketa 2035erako dago aurreikusita, Ariane 6 kohetean.
ESAk zuzenduta ekimen hau, ESAren, estatu kideetako espazio agentzien, NASAren eta nazioarteko zientzialariez osatutako partzuergoaren (LISA partzuergoa) arteko lankidetzari esker da posible.
Silvia Bonoli DIPCko ikerbasque ikertzailea LISA partzuergoko astrofisika taldeko kidea da. LISAko datu-fluxuak modelatu eta interpretatzeko funtsezkoak diren teoria astrofisikoaren panorama zabala, zenbakizko simulazioak eta behaketa astronomikoak deskribatzen dituen Living Reviews in Relativity aldizkarian argitaratutako lanaren egileetako bat da. "LISA grabitazio-uhinen astronomiarako esperimentu eraldatzailea izango da, eta, beraz, aukera paregabeak eskainiko ditu funtsezkoak diren gai astrofisiko askori heltzeko. Datorren hamarkada funtsezkoa da LISAren lehen behaketak interpretatzeko komunitate astronomikoa prestatzeko", dio Bonolik.
Bonoli, gaur egun, zulo beltz masiboen fusio tasen aurreikuspenak konparatzen dituen taldeko koordinatzaileetako bat da. "Zulo beltz masiboak gure unibertsoko objekturik liluragarrienetakoak dira. Oraindik ez dakigu nondik datozen eta zein maiztasunez elkar eragiten duten. LISA erabiliz gauza berri asko ikasiko ditugu zalantzarik gabe", dio Bonolik.
Informazio gehiago ESAren webgunean.