Material aurreratuei aplikatutako adimen artifizialeko azken berrikuntzak aurkeztuko dira Donostian

2025 Apir 8

Material adimendunen garapenari aplikatutako AAko industria eta ikerketa-zentroetako 200 aditu baino gehiago elkartuko dira gaurtik aurrera Kursaalen, Artificial Intelligence for Advanced Materials (AI4AM2025) konferentzian.

Material aurreratuei aplikatutako adimen artifizialeko azken berrikuntzak aurkeztuko dira Donostian
Ezkerretik eskuinera, Ricardo Díez Muiño (DIPC), Amaia Esquisabel (Eusko Jaurlaritza), Antonio Correia (Phantoms Foundation) eta Stephan Roche (ICREA/ICN2).

Adimen artifiziala (AA) ezagutzaren arlo asko eraldatzen ari da dagoeneko, nahiz eta adituek uste duten benetako iraultza etortzeko dagoela oraindik. Propietate aurreratuak dituzten material berriak identifikatzeko AAk dituen erronkak eta aukerak aztertzeko, Artificial Intelligence for Advanced Materials (AI4AM2025) konferentzia hasiko da gaur Donostian. Mundu osoko industriako eta ikerketa-zentroetako 200 parte-hartzaile baino gehiago elkartuko dira bi egunez Kursaalen, alor horretako azken aurrerapenei eta aplikazioei buruz eztabaidatzeko.

AI4AM2025 konferentziaren inaugurazioan Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak parte hartu du, eta nabarmendu du topaketa hau bat datorrela IKUR estrategiarekin. “Eusko Jaurlaritzak superkonputazioaren eta adimen artifizialaren aldeko apustua egin zuen IKUR 2030 estrategiaren barruan. Ildo horren lehentasunezko ardatzetako bat, hain zuzen ere, material aurreratuak dira, eta gure lurraldean horrelako topaketa bat egiteak erakusten du posizio pribilegiatua dugula arlo horretan”, adierazi zuen Amaia Esquisabelek.

Ildo horri jarraituz, Ricardo Díez Muiñok, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendari eta konferentziaren antolatzaileetako bat ere badenak, hau adierazi zuen: “material aurreratuei buruzko hainbat ikerketa-ildo bultzatzen ari gara DIPCn, eta ikusten dugu orain arte imajinaezinak ziren aurrerapenak sortzeko ahalmena duela AAk. Aplikazio espezifiko baterako propietate egokiak dituzten material berriak identifikatzea lastategi batean orratz bat bilatzea bezalakoa zen, baina prozesu hori ez sinesteko moduan azkartu ahal izango dugu AArekin”, azaldu du Díez Muiñok.

Nazioarteko konferentzia honen bigarren edizioa da AI4AM2025 —Bartzelonan egin zen lehenengoa—, eta han elkartu dira materialen zientzian eta ingeniaritzan aurrerapen iraultzaileak lortzeko AA erabiltzen duten industriako eta ikerketa-zentroetako ordezkariak. Eztabaida-gune honek aukera ematen du azken berrikuntzak hobeto ezagutzeko, erronka praktikoei buruz eztabaidatzeko eta elektronikako, material konposatuetako, energiako, (bio)medikuntzako, konputazio kuantikoko eta horiekin erlazionatutako beste eremu batzuetako aplikazio espezifikoetarako soluzioak ezagutarazteko.

Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Institut Català de Nanociència i Nanotecnologiak (ICN2), Singapur-eko Institute for Functional Ingelligent Materials institutuak, Alemaniako Constructor Universityk eta Phantoms fundazioak antolatu dute konferentzia.

Hemen duzue konferentziari buruzko informazio gehiago (ingelesez) https://ai4am.net/2025/index.php