Material supereroaleak, ordenagailu kuantiko ahaltsuagoak eraikitzeko

2025 Urr 6

Donostia International Physics Centerren (DIPC) proiektu batek BBVA Fundazioaren Fundamentos programaren 250.000 euroko laguntza jaso du, etorkizuneko ordenagailu kuantikoetarako material supereroaleak garatzeko.

Material supereroaleak, ordenagailu kuantiko ahaltsuagoak eraikitzeko
Ezkerretik eskuinera: Dario Bercieux, Deung-Jang Choi eta Francisco Guinea ikerlariak.

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak gidaturiko proiektu bat aukeratu du BBVA Fundazioak, bere Fundamentos programa ospetsuaren barruan. Hautaturiko proiektuaren ikergaia izango da nola sor daitezkeen supereroankortasuna eta halako beste zenbait propietate eskaintzen dituzten material artifizialak, kontuan izanik erabakigarriak izan daitezkeela etorkizuneko ordenagailu kuantikoetarako.

Francisco Guineak (DIPC) eta Iván Brihuegak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) zuzendutako Artificial Quantum Matter: From 2D Materials to Spin Lattice Systems (AQM■2MSLS) proiektuaren helburua da ikerketa teorikoa eta esperimentala konbinatzea bi dimentsioko atomo-sareak diseinatzeko, eta, hala, zehatz-mehatz kontrolatu nahi dira sortzen diren materialen propietateak.

“Lortuko bagenu material artifizialak fabrikatzea eta, horien bidez, itxuraz oso desberdinak diren materialen propietateak konbinatzea, funtzionalitate berriak lortuko genituzke, naturak eskaintzen dituenak ez bezalakoak”, azaldu du Francisco Guineak. Guinea Donostia International Physics Centerreko ikertzaile seniorra da, eta proiektu honetako ikertzaile nagusietako bat.

Helburu hori lortzeko, proposamenak hiru eraikuntza-bide planteatzen ditu: hidrogeno-atomoak banan-banan lekualdatzea grafeno-substratu baten edo beste material batzuen gainean; neurri nanometrikoa duten eta sarea osatzeko ordenatuta dauden metal-zatiekin fabrikatutako puntu kuantikoak erabiltzea; edo jada existitzen diren bi dimentsioko materialak desitxuratzea (grafenoa, esaterako). Korronte elektrikoa galerarik gabe igarotzea ahalbidetzen duen sare supereroale bat lortzea da azken helburua, eta, ondoren, sare horiek hiru dimentsiotara nola zabaldu aztertzea.

Talde horretan ari dira lanean, orobat, Dario Bercioux (DIPC), Deung-Jang Choi (CFM eta DIPC), Mikhail I. Katsnelson (Radboud University eta Constructor University) eta José Ángel Silva Guillén (IMDEA Nanociencia).

Fundamentos programa – BBVA Fundazioa

BBVA Fundazioak, Fundamentos programaren bidez, 12 proiektu berritzaile hautatu ditu, jasotako 633 eskaeretatik. Ekimen honen asmoa da oinarrizko zientziako gai nagusiak lantzen dituzten esplorazio-ikerketa funtsezko eta diziplinartekoak bultzatzea. Proiektu bakoitzak 250.000 eurorainoko laguntza jasoko du, hiru urtean garatu beharko dira eta hiru jakintza-arlo handitan daude banatuta: Fisika eta Kimika, Biologia eta Biomedikuntza, eta Ingeniaritzak.