Miguel Moreno-Ugedak ERC Consolidator Grant bat jaso du

2023 Ots 6

Miguel Moreno-Ugedak ERC Consolidator Grant bat jaso du

Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Miguel Moreno-Ugeda Ikerbasque ikertzaileak ERC Consolidator Grant bat jaso du bere mKoiré proiekturako. Ia hiru milioi euroko zuzkidura duen laguntzari esker, azken belaunaldiko ekipamendua erosi ahal izango da, zero absolutuaren inguruko tenperaturetan grafenoan oinarritutako moiré edo muaré motako materialen supereroankortasuna aztertzeko.

ERC Consolidator Grant laguntzen hartzaileak ikerketa-talde propioa edo ikerketa-programa independentea sendotzen ari diren ikertzaileak dira. Laguntza prestigiotsu horien bidez, jakintza-arlo guztien mugan dauden proiektuak finantzatzen ditu Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko sigletan).

mKoiré proiektuaren helburua da grafenoan oinarritutako moiré edo muaré motako materialetan supereroankortasunaren jatorria argitzea. “Material horiek hau baino ez dira: grafenozko geruza batzuen multzoa —bi, hiru, lau geruza—, oso angelu jakin eta zehatzean errotatuak —gradu baten eta biren artekoa—, non portaera elektroniko oso bitxiak agertzen baitira. Haien artean supereroankortasuna nabarmentzen da. Badakigu existitzen dela, baina oso gutxi dakigu hari buruz”, Miguel Moreno-Ugedak azaldu duenez. Hain zuzen ere, “proiektu honen helburua da ikuspuntu mikroskopikotik supereroankortasunaren jatorria ulertzea, bai eta hura sortzen duten mekanismoak ere. Horretarako tunel-efektuko mikroskopio bat erabiliko da (Scanning Tunneling Microscope edo STM). Gainera, naturan inoiz ikusi gabeko supereroankortasun-formak azaleratzeko gaitasuna izan dezake. Tunel-efektuko mikroskopioak punta bat erabiltzen du, oso zorrotza, atomoak banan-banan ikusteko eta haien propietateak ezagutzeko. Proiektu horretarako, gainera, muturreko tenperatura- eta hutsune-baldintzak konbinatzen dituen mikroskopio bat erabiliko da, munduan ia bakarra”, gaineratu du Moreno Ugedak..

Miguel Moreno Ugedaren arabera, “proiektu honekin, DIPCk aukera izango du Europako gaur egungo polo bakar bihurtzeko moiré motako material kuantikoen garapenean. “Orain arte, ikerketaren parte handi bat Estatu Batuetan egin da, eta, salbuespenen batekin, Europan, baina inoiz ez ikuspegi mikroskopikotik”. Ikertzaileak gaineratu duenez, “DIPC izango da Europan mota horretako teknologia erabiltzen duen lehenengoa”. Gainera, “datozen bi hamarkadei begira, moiré motako materialen teknologia funtsezkoa izango da material kuantikoak garatzeko, eta DIPCk Europan lidergo-papera hartzeko aukera izango du dagoeneko bizitzen ari garen bigarren iraultza kuantiko honetan”, Miguel Moreno-Ugedak adierazi duenez.

Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak gogorarazi du zaila dela ERC Consolidator Grant bat lortzea: “Programa biziki lehiakorra da, eta ezagutzaren mugako bikaintasun-proiektuak baino ez ditu babesten. Díez Muiñok Miguel Moreno-Ugeda zoriondu du Europako Ikerketa Kontseiluak haren proiektu zientifikoaren kalitatea eta anbizioa aitortu dituelako, eta adierazi du “Moreno Ugeda buru duen ikerketa-lerroen gisakoek zentroaren eta patronatua osatzen duten erakundeen laguntza osoa izango dutela, besteak beste, DIPCk Ibaetako egoitzan eraiki asmo duen eraikin berrian egingo diren azpiegiturei esker”.

ZORIONAK MIGUEL!

Miguel MORENO-UGEDAk material bidimentsional kuantikoen funtsezko propietateak ikertzen ditu. 1979an Madrilen jaioa, Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Bertan egin zituen doktorego-ikasketak ere (2011). Doktoratu ostean Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) egonaldia egin ondoren, 2017an Starting Grant laguntza lortu zuen, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) bikaintasun-proiektuak finantzatzeko ematen duena. ERC StG proiektu hau Miguelek 2DSPM (www.2dspm.org) bere taldearekin batera garatu du, Materialen Fisika Zentroarekin (CFM, CSIC-UPV/EHU) lankidetzan —han dago ekipamendu esperimentala—.