Munduko laubururik txikiena

2025 Mar 19

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak eta Hefeiko Laborategi Nazionalak zuzendutako ikerketan, Ricardo Ortiz eta Thomas Frederiksen DIPCko Ikerbasque ikertzaileek parte hartu dute. Ikerketa honetan tunel-efektuko mikroskopia eta espektroskopia erabili dira nanografenoak metalezko zentroekin akoplatzean magnetismo kuantikoa indartzen dela frogatzeko. Ikerketa honetan aztertutako molekuletako batek 'lauburu' euskal sinbolo tradizionalaren forma du

Munduko laubururik txikiena
Ikerketa honetan aztertutako molekuletako batek 'lauburu' euskal sinbolo tradizionalaren forma du

Azken urteotan, nanografenoen interakzio magnetikoek garrantzi handia izan dute material kuantikoen ikerketan. National Science Review aldizkarian argitaratutako lan berri batek are urrunago eraman du ikerketa hori, aztertu baitu nola eragiten dioten elkarri nanografenoen π-elektroi desparekatuek eta atomo metaliko magnetikoek (burdina eta kobaltoa). Ikuspegi berri horrek π eta d elektroien truke bidezko akoplamenduari buruzko ikuspegi berriak eskaintzen ditu, eta akoplamendu hori funtsezko mekanismoa da spintronikarako eta konputazio kuantikorako.

Shanghai Jiao Tong Unibertsitateko eta Hefei National Laboratoryko ikertzaile batzuek zuzendu dute ikerketa, eta tunel-efektuko mikroskopia eta espektroskopia erabili dituzte 9 meV-eko (Fe) eta 5 meV-eko (Co) truke magnetikoko interakzio bat azaleratzeko. Aurkikuntza horiek egiteko, ikerlariek kimika kuantikoko kalkuluak ere erabili zituzten; Ricardo Ortiz eta Thomas Frederiksek egin zituzten, biak ere Donostia International Physics Centerreko (DIPC) eta Ikerbasqueko (Zientziarako Euskal Fundazioa) ikertzaileak.

Frogatu dute nanografenoak metalen zentroekin akopla daitezkeela eta, hala, magnetismo kuantikoa hobetzen dutela. Horrenbestez, ikerketa honek propietate magnetiko doigarriko egitura metal-organikoak diseinatzeko bide berriak irekitzen ditu. Emaitzak urrats garrantzitsua dira behar zehatzetara egokitutako iman molekularrak lortzeko bidean, eta ondorioak dituzte azken belaunaldiko teknologia kuantikoentzat eta nanoeskalako elektronikarentzat.

Garrantzi zientifikoaz harago, ikerketak ustekabeko lotura bat du Euskal Herriarekin; izan ere, behatutako molekuletako batek lauburu baten forma hartzen du, alegia, euskal sinbolo tradizionalarena. Irudiak lortzeko erabili diren tekniken zehaztasunari begiratuta, litekeena da inoiz behatu den laubururik txikiena izatea. Kasualitate ezin egokiagoa, DIPCk ere parte hartu duenez aurkikuntzan, Euskal Herriaren bihotzean.

Argitalpenaren erreferentzia

Deng-Yuan Li, Yuqiang Zheng, Ricardo Ortiz, Bing-Xin Wang, Yashi Jiang, Bingkai Yuan, Xin-Yu Zhang, Can Li, Liang Liu, Xiaoxue Liu, Dandan Guan, Yaoyi Li, Hao Zheng, Canhua Liu, Jinfeng Jia, Thomas Frederiksen, Pei-Nian Liu, Shiyong Wang
Magnetic exchange interaction between unpaired π- and d-electrons in nanographene-metal coordination complexes
National Science Review, Volume 12, Issue 4 (2025)
DOI: 10.1093/nsr/nwaf033