Bide terapeutiko berri bat aurkitu dute gibeleko minbizi erasokorrenari aurre egiteko

2025 Ira 12

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko, Osasun Saileko eta Osakidetzako diziplina anitzeko talde batek, EHUrekin eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroarekin lankidetzan, kimioterapiako formula berri bat garatu eta patentatu du, zeinak eraginkortasun nabarmena erakutsi duen kolangiokartzinoma –gibeleko minbizi oldarkor eta oso pronostiko txarreko bat–, tratatzeko. Ikerlana Journal of Hepatology aldizkari ospetsuan argitaratu berri da, eta aukera terapeutiko berriak irekitzen ditu, kolangiokartzinomaren tratamendurako ez ezik, ohiko tratamendu onkologikoekiko erresistenteak diren beste tumore solido batzuetarako ere

Bide terapeutiko berri bat aurkitu dute gibeleko minbizi erasokorrenari aurre egiteko
Lan honetan parte hartu duten diziplina anitzeko taldeko kideak

Kolangiokartzinomak behazun-hodietan garatzen diren tumore multzo heterogeneo bat osatzen du. Ezohiko gaixotasuntzat jotzen bada ere, azken hamarkadetan gora egin du haren intzidentziak maila globalean. Gibeleko bigarren minbizi mota ohikoena da, eta, etapa aurreratuetan diagnostikatu ohi denez, aukera terapeutikoak mugatuak dira eta gehienak aringarriak, tumore horien erresistentzia handia dela eta, neurri handi batean.

Testuinguru honetan, formula kimioterapeutiko berri hau etorkizun handiko alternatiba bat da. Konposatu honek, giza tumore-zelulen biziraupena murrizteko eta animalietan tumore-hazkundea geldiarazteko gaitasun nabarmena erakutsi du, baita gaixotasunak ohiko tratamenduei erantzuten ez dien kasuetan ere.

Gainera, orain arte egindako azterlan aurreklinikoek segurtasun-profila agertu dute, dosi terapeutikoetan ez baita ikusi efektu toxikorik dagoenik. "Gure konposatuak minbiziaren aurkako borrokan potentzial handia duen bide terapeutiko berri bat dira. Gaur egungo tratamenduekiko erresistentzia gainditzeko duen gaitasuna bereziki garrantzitsua izan liteke alternatiba eraginkorrik ez duten pazienteentzat", nabarmendu dute Jesús Bañales Biogipuzkoako Gibeleko Gaixotasunen Taldeko arduradunak eta Fernando Cossío EHUko katedradunak eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak. azterlanaren koordinatzaileak.

Iván Rivilla Donostia International Phsysics Center-eko (DIPC) Ikerbasque ikertzailearen arabera, zeinak aktiboki parte hartu baitu konposatu horren diseinuan eta sintesian, “lan hau aurrerapen zientifiko garrantzitsua izateaz gain, prestakuntza akademikoan ere lagundu du, bi doktoretza-tesi sortuz”. “Benetako erronka izan da, eta saiakuntza- eta errore-prozesu etengabea ekarri zuen, platinozko konplexuen familia berri bat irekitzeko gai den egitura kimiko egokia lortu arte”, gehitu du.

Aurkikuntza horrek agerian uzten du etorkizuneko garapen klinikoko faseetarako etorkizun handiko terapia gisa duen potentzialtasuna, eta etorkizun hurbilean pazienteen saiakuntza klinikoetan ebaluatu ahal izateko itxaropena dago.

Ikerketa Irene Olaizola ikerketa biomedikoko doktoreak eta Jesús Bañales Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduradunak (biak Biogipuzkoakoak) eta Fernando Cossío EHUko Kimika Organikoko katedradunak zuzendu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Ikerbasque Fundazioak, Carlos III .a Osasun Institutuak eta CIBERehd zentroak finantzatu dute. Bertan, estatuko eta nazioarteko zentroetako ikertzaileek parte hartu dute, besteak beste, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Glasgowko Unibertsitateak (Erresuma Batua), bai eta Salamancako Unibertsitateak ere, CIBERehd barneko partzuergoaren barruan.