‘El secreto de la naturaleza’ dokumentalaren emanaldia Donostian, Pedro Miguel Etxenikek hartuko du parte.
Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuko dute filma datorren ostegunean, irailak 12 (19:00), Tabakaleran (Donostia). Ondoren, fisikari nafarra elkarrizketatuko du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.
Euskadiko Filmategiak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera programatu du El secreto de la naturaleza (José Antonio Pérez Ledo, 2018) dokumentala, Pedro Miguel Etxenikek zientziaren eta edertasunaren inguruan egindako gogoeten ingurukoa. Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuko dute filma, eta Tabakaleran (Donostian) proiektatuko da, datorren ostegunean, irailaren 12an (19:00). Ondoren, fisikari nafarra elkarrizketatuko du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.
Filma EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta K2000k ekoitzi dute. Filmak Etxenikeren bizitza eta obra aztertzen ditu, eta zientziaren eta edertasunaren inguruko gogoetak partekatzen ditu. Horretarako, fisikariak bi galdera estetiko ditu abiapuntu: “Edertasuna benetako irizpidea al da? Zer da edertasuna zientzian?”.
Pedro Miguel Etxenikek aintzatespen asko jaso ditu, besteak beste, Ikerkuntza Euskadi Saria 1996an, Fisikako Max Planck Saria 1998an eta, urte berean, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printze Saria, solidoen gainazaleko egoera elektroniko ispiluen iragarpen teorikoan egindako aurkikuntzengatik. Ekarpen garrantzitsuak egin ditu ioi-materia interakzioen arloan eta mikroskopia elektronikoan eta tunel efektuko mikroskopian elektroiek duten energia-galeren arloan. Egun, EHUko katedradun emeritua eta DIPCko presidentea da. Urtero, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloari hasiera ematen dio.
DIPCrekin eta Donostia Zinemaldiarekin (Zinema eta Zientzia zikloko ohiko erakundeak) elkarlanean antolatutako emanaldirako sarrerak salgai daude Tabakaleraren webgunean eta eraikinaren informazio-gunean.