Pedro Miguel Etxenikek NIE 2023 saria jaso du
Donostia International Physics Centerreko presidenteak (DIPC) Nafarroako Ikastolen Federazioaren NIE 2023 saria jaso du.
Besteak beste, zientziari egindako ekarpenagatik, ikerketan egin duen lanarengatik, euskarari dagokion lekua emateagatik eta euskararen erabilera bultzatzeagatik jaso du aintzatespen hori Pedro Miguel Etxenikek.
Donostia, 2024ko urtarrilaren 19a. Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeko lehendakariak Nafarroako Ikastolen Federazioak urtero ematen duen NIE 2023 saria jaso zuen atzo, hainbat alderdiren aintzatespen gisa: zientziari egin dion ekarpena, ikerketan egin duen lana, euskarari dagokion lekua ematea eta euskararen erabilera bultzatzea, zientziaren arloan euskaraz ikastea, euskaraz lan egitea, ikerketa euskaraz egitea eta zientzia euskaraz erabiltzearen alde egiten duen defentsa ausarta, eta hezkuntzaren inguruan egin dituen hausnarketa-artikuluak, ikasleen gogoeta kritikoak bultzatzea, egungo ikasleen ikasketa-prozesua maisuki ezagutu eta azaltzea, eta ikastolen mugimenduaren alde beti izan duen konpromiso sendoa.
Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) helburuetako bat da euskara eta euskal kultura sustatzea, biak hezkuntza- eta gizarte-garapenarekin lotuz. Ildo horretatik, urtero NIE sariak banatzen dizkie helburu horiek betetzen lagundu duten pertsona edo erakundeei.
Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakariak eta Josu Reparaz zuzendariak eman zioten saria. Ekitaldian ordezkaritza instituzionala egon zen: Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo; Jabi Arakama; eta Pedro Miguel Etxenikeren familia eta lagunak, baita Nafarroako Ikastolen ordezkaritza ere. Baita beste edizio batzuetan saritua ere izandako Carlos Garaikoetxea. Ekitaldian Paz de Zigandako haurren abesbatzak eta Ainhoa Egizabal dantzariak parte hartu zuten.
Izaban 1950ean jaiotako nafar fisikaria mundu mailako zientzialari giltzarrietako bat da fisikaren ikerketan. Luzea izan da haren ibilbidea denborari, espazioari, bilakaerari eta kausalitateari dagokienez, eta, era berean, tituluz, sariz, karguz, argitalpenez, ideiez, esperientziez, ziurtasunez eta zalantzez betea ere bai.
Batzuk aipatzeagatik, badakigu ilusio handiz hartu zituela honako hauek, sorleku duen lurraldearen aintzatespena ekarri ziotelako: Kulturaren Vianako Printzea Saria, Izabako seme kutunaren izendapena, Manuel de Irujo Saria, NUPek Honoris causa Doktore izendatzea eta Nafarroako Urrezko Domina.
Eta, beste aintzatespen askoren artean, hauek ere aipatzekoak dira: Euskaldun Unibertsalaren izendapena 1998an, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako akademiko numerarioaren izendapena, Fisikako Max Planck Saria eta Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzea Saria.
Aita Pedro Miguel Etxenike Erronkariko ibarreko medikua zuen, eta ama, berriz, Felisa Landiribar, erretiroa hartu arte San Fermin Ikastolako andereño izan zena. Hain zuzen ere, ikastolek bezala, Pedro Miguel Etxenikek ere munduari zabalik egotea aldarrikatzen du, baina sustraiak ahaztu gabe, eta beti gogoan hartuz aurrerapen zientifikoa traineru bat dela, non arraunlariek "atzera begira" egiten baitute arraun, betiere iraganeko ezagutzan oinarrituta. Bere ibilbide luzean beti aldarrikatu du hezkuntza herrialde batek eta gizarte batek etorkizunerako egin dezakeen inbertsiorik onena dela, eta gurea bezalako herrialde bat kalitatea eskainiz eta hezkuntzari lehentasun osoa emanez bakarrik lehiatu daitekeela munduan.
Etxenikeren ustez, kultura batzuek teknologia eta ezagutza ekarri dituzte mundura, baina Europak munduari egin dion ekarpen nagusia giza eskubideak dira, eta hor sartzen da hezkuntzarako eskubidea ere. Hezkuntza etorkizunarekiko elkartasuna da. Eta ekitatea. Ekitatea eta etorkizunarekiko elkartasuna. 80ko hamarkadan, eten bat egin zuen bere ikerketa-ibilbidean, eta herrialdearekin duen konpromisoaren ondorioz, politikan sartu zen Hezkuntza eta Kulturako sailburu gisa.
Etxenike irakaslea hunkitu egin zen saria jasotzean. “Ohore handia da sari hau jasotzea”. Esker onez, euskararen aldeko hitzak egin zituen: “Euskarak aurrera egiteko legeez gain, euskararekiko maitasuna kulturaren bidez sustatu behar dugu”.