Pérez Iglesias eta Jauregi sailburuek DIPCren instalazioak bisitatu dituzte
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko arduradunek DIPC bisitatu dute gaur.

Gaur goizean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik DIPCren (Donostia International Physics Center) instalazioak bisitatu dituzte Jaione Ganzarain Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearekin batera, eta bertatik bertara ezagutu dute bikaintasun zientifikoko zentro horretan egiten ari diren ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia jarduera, eta baita bere azpiegitura estrategikoa, Superkonputazio Zentroa.
Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak eta Ricardo Diez Muiño zuzendari zientifikoak harrera egin diete DIPCko patronatuko kide diren Perez eta Jauregi sailburuei eta Ganzarain sailburuordeari. Eusko Jaurlaritzako bi sailak bat datoz DIPCk fisikaren abangoardiako arloetan eta antzeko diziplinetan egiten duen ikerketa-lanarekiko interesean, bai eta aurrerapen zientifikoak soluzio teknologikoetara eta produktu berritzaileetara eramateko daukan gaitasunean ere.